Mendien Europako Konbentzioaren hamabigarren edizioa urriaren 25etik 27ra egin da Italiako Sila Parke Natural Nazionalean. Edizio honek PLEren parte-hartzea izan du, eta 2050erako mendi adimendunak garatzeko estrategia iraunkor bat zehaztea izan du helburu.

Konbentzioaren agendan deskribatzen den bezala: “Mendiak aprobetxatu beharreko aukera-lurraldeak dira: bizi-kalitate hobea, natura- eta kultura-ondare aberatsa, nekazaritzako elikagaien kalitatezko produktuak eta zerbitzu ekosistemikoak eskaintzea Europako herritar guztien mesedetan. Mendiko populazioek aktibo horiek baliatu behar dituzte mendiak estrategikoki garatzeko eta Europako Itun Berdearen eta trantsizio digitalaren erronkei aurre egiteko, bai eta EBk landa-eremuetarako duen epe luzeko ikuspegia gauzatzeko ere.

Aurtengo konbentzioaren helburua, hain zuzen ere, Europako mendiek dituzten erronka ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak aurkeztea zen, irtenbide berritzaileak eskainiz.

Idoia Arauzok, PLEko Garapen eta Dinamizazio Unitateko arduradunak, PLE ordezkatu du jardunaldi hauetan, alde batetik, Gazteen Pirinioez gaindiko Foroa aurkezteko, eta, bestetik, landa-eremuetako mugikortasunari aplikatutako hidrogenoak eskaintzen dituen aukerak eta PLEko Hidrogenoaren Lantaldea sortu zenetik Pirinioetan hidrogenoaren arloan egin diren aurrerapenak aurkezteko.

Gobernantza adimentsuak nola lagun dezake etorkizunera bideratutako mendi-eremuak sortzen? saioan, Arauzok Pirinioez gaindiko Gazteen Foroaren lorpenak komentatu zituen European Rural Community Alliance, Eurac Research, Korsikako Unibertsitatea edo EUSALP erakundeetako ordezkariekin.

Hidrogenoan oinarritutako mugikortasunaren garapena Mugikortasun adimenduna eta garbia izeneko tailerrean landu zen, eta PLEk eta Maramureseko (Errumania) eskualdeko kontseiluak parte hartu zuten.

Mendien Europako Konbentzioa bi urtean behin egiten da 1998tik.

Informazio gehiago: