Pirinioetako Lan Elkartea saritu egin dute, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak Eskualdeetako Jardunbide Egokien Nazioarteko VI. Sarietan egindako lanagatik –ORU FOGAR Eskualde Batuen Erakundeak eta Nazio Batuen Garapen Programak (NBGP) antolatzen dute sariketa–.

Sari honen bidez, OPCCk 2010az geroztik egin duen lana aitortu da. Lana, hain zuzen, klima-aldaketak Pirinioei nola eragiten dien aztertzean eta egokitzapen-neurriak proposatzean oinarritzen da.

Eskualdeetako Jardunbide Egokien VI. Sariak mundu mailako irismena du, eta bitarteko gobernuei zuzenduta dago: eskualdeetakoei, probintzietakoei eta estatu federatuetakoei. Nazioarteko ekitaldian, gainera, Mexikoko, Ekuadorko, Kolonbiako eta Brasilgo eskualdeetako beste ekimen batzuk saritu ziren.

ORU FOGAR Eskualde Batuen Erakundea 2007an sortu zen, eta mundu osoko eskualdeen bozgorailu izatea du helburu nagusi.

Eraginkortasuna, efizientzia eta berrikuntza, guztien onerako lelopean, administrazio baten jarduera edo prozesu bat nabarmendu nahi dute ORU FOGARek eta NBGPk, betiere kudeaketa publikoan emaitza nabarmenak izan baditu eta nazioartean erreplika badaiteke.

OPCCko koordinatzaile Eva García Balaguerrek honako hau nabarmendu du: «Nazioarteko ekimenetan parte hartzeak, ORU FOGAR sarietan kasu, beste lurralde batzuekin harremanetan jartzeko aukera ematen digu eta, haiekin esperientziak eta ikuspegiak partekatuz, gure komunitateak erresilienteago bihurtzeko, garapen jasangarriko helburuek ezartzen dutenaren arabera. Gainera, sari hauek akuilatu egiten gaituzte eta Pirinioetako mendialdean klima-aldaketari aurre egiteko lanean jarraitzera bultzatzen gaituzte».

Saritutako proiektuek Eskualdeetako Jardunbide Egokien Bankua osatuko dute, kasu irabazle guztiak biltzen dituen plataforma, proiekziorik handiena bermatzeko, nazioarteko aintzatespena lortzeko eta erreplikatzeko aukera emateko.

Informazio gehiago, hemen: http://www.regionsunies-fogar.org/es/