Pirinioetako Lan Elkartea osatzen duten zazpi lurraldeetako ordezkari politikoak Alpen (Cerdanya) bildu ziren abenduaren 13an, beste urte batez mugaz gaindiko lurralde-lankidetzarekiko konpromisoa berresteko.

Ekitaldi horretan, 2019tik CTPko presidentetza izan duen Kataluniako Generalitateak Euskadiri eman zion lekukoa, eta azken honek 2021aren amaieratik 2023ko amaierara arte beteko du ardura hori.

CTPko presidente izateari utzi dion Pere Aragonès i Garcia Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak, mugaz gaindiko partzuergoko gainerako lurraldeetako ordezkariekin batera, Presidenteen Adierazpen Komuna sinatu dute, urtero Pirinioetako Lan Elkartearekiko konpromisoa berresten duen dokumentua.

Urteko ekitaldi horretan, CTPk urte osoan egindako jardueren balantzea egiten da. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroa. Foroak joan den urrian egin zuen lehen batzarra eta emaitzak Idoia Arauzok (CTPko Garapen eta Dinamizazio Unitatearen koordinatzailea) eta foro horretan parte hartu zuten hiru gaztek aurkeztu zituzten. Emaitza nagusia Pirinioetako Gazteen Manifestua sortzea izan zen. Idatzi horretan, gazteek beren beharrak azaldu eta horiek konpontzeko ideiak proposatu zituzten.

Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia (EPiCC). Eva García Balaguerrek (Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiko koordinatzailea) Pirinioetan klima-aldaketari aurre egiteko mugaz gaindiko eta mendialdeko estrategia berri hori aurkeztu zuen. Europan parekorik ez duen ikuspegi integral bat du: orain arte ez dago klima-aldaketara egokitzeko beste estrategiarik, bioeskualdearen klima-erronkak zeharkakotasunez lantzen dituenik.

Mikroproiektuen lehen deialdia, abian. Aurkezten diren proiektuek gehienez ere 25.000 eurokoak izan behar dute eta kultura, turismo, kirol, hezkuntza, gazteria, gizarte-ekintza, osasun, nekazaritza, nekazaritzako elikagaien sektore eta ingurumenaren arloetako mugaz gaindiko ekintza berritzaile zehatzak eta hurbileko proiektuak martxan jarri behar dituzte. Deialdiari buruzko informazio gehiago esteka honetan.

CTPren Pirinioetako Estrategia. 2018-2024rako Estrategiak CTP Pirinioetako ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioaren erreferente bihurtu nahi du, baita Europar Batasuneko erakundeen aurrean Pirinioen interesen defendatzaile ere.

Pere Aragonès i Garciak honako hau nabarmendu zuen: «Pirinioetako Lan Elkarteko lehendakaritza izan dugun bi urte hauetan, gainerako lurraldeekin elkarlanean aritu gara eta Euskadiri arrakasta handia eta poz asko opa dizkiogu. Herritarren bizimodua hobetzea eta errazagoa egitea da CTPn dugun helburua». Horrez gain, Pirinioetako Lan Elkarteak Europan duen rola nabarmendu zuen: «Pirinioetako Estrategia aurkeztuz, Europan lurralde-garapeneko eta -kohesioko erreferentzia bat izan daitekeela erakutsi zuen CTPk. Ez dugu ahaztu behar denok kaltebera egiten gaituen larrialdi klimatikoa».

Beste alde batetik, Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta mugaz gaindiko partzuergoko presidente berriak, CTPren erronkei eta Pirinioetako Estrategiaren helburuei eustea espero duela eta eutsi nahi diela azpimarratu zuen. «Hasi dugun presidentetza pandemiaren ondorioen jarraipenak markatuta dago, baina baita oraindik ere aurrean dugun egoera honek eman dizkigun irakaspenek markatuta ere». Presidenteak iragarri zuenez, «Eusko Jaurlaritzak ilusioz eta anbizioz hartuko du Lan Elkarte honen presidentetza».

Presidenteekin batera, honako hauek izan ziren ekitaldian: Maria Ubach, Andorrako Gobernuko Kanpo Arazoetarako ministroa; Mathieu Bergé, Akitania Berria Eskualdeko kontseilaria; Felipe Faci, Aragoiko Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol kontseilaria; Sébastien Denaja, Okzitania Eskualdeko kontseilaria; Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria; eta Jean-Louis Valls, CTPko zuzendaria.

Horrekin batera egin zen mahai-inguruan honako hauek izan ziren: Victòria Alsina Burgués, Kataluniako Generalitateko Kanpo Ekintzako eta Gobernu Irekiko kontseilaria; Karl Heinz Lambertz, Belgikako Komunitate Germanofonoko Parlamentuko presidentea, Europako Mugako Eskualdeen Elkarteko (ARFE) presidentea, Europako Kontseiluko Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kongresuko presidenteordea [urrutiko konexioa]; Pavel Branda, Rádloko alkateordea, Europako Eskualdeen Batzordeko Mugaz Gaindiko Lankidetza Taldeko presidentea; eta Pascal Boijmans, Europako Batzordeko Mugaz Gaindiko Lankidetza, Barne Muga eta Interreg Programako Unitateko burua. Mahai horretan, Europako mugako eskualdeek aurrean dituzten erronkak eta oztopoak eztabaidatu ziren.