civil-society-award

Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak (EEGK) emandako Elkartasun Zibila Sariaren gaia «gizarte zibila COVID-19aren aurka» izango da. COVID-19aren larrialdiari eta horren ondorio larri eta ugariei aurre egiteko ekarpen nabarmena egin duten partikularren, gizarte zibileko erakundeen eta enpresa pribatuen ekimen original eta eraginkorrak sarituko dira.

EEGK gobernuz kanpoko erakundeei ahotsa ematen dien EBren organoa da eta, sari honen bidez, ekimen horiek ezagutarazi nahi ditu, bai eta horien inpaktuari buruz kontzientziatu eta koronabirusaren aurka borrokatu diren guztiei omenaldia egin ere.

EEGK-k hogeita bederatzi sari emango ditu gehienez. Bakoitzak 10.000 euroko zuzkidura izango du, EBn edo Erresuma Batuan abian jarritako ekimenei zuzenduta. Hogeita zazpi sari emango zaizkie estatu kideetan eginiko proiektuei, beste bat Erresuma Batuan egindako proiektu bati eta mugaz gaindiko edo Europako azken sari bat ere entregatuko da.

Ekimen guztiek, baita mozkina lortzeko asmoa duten enpresenek ere, irabazi-asmorik gabekoak izan beharko dute, eta ezingo dute % 50etik gorako finantzaketa publikorik izan.

Sarirako proposatzen diren ekimenak askotariko gaiei buruzkoak izan daitezke, hala nola osasunarekin edo gailu sanitarioekin lotutako ekintzak edo pertsona eta gizatalde ahul, behartsu eta zaurgarrienei laguntzeko berariazko neurriak (errefuxiatuak barne), besteak beste.

Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko irailaren 30ean amaituko da.

Informazio gehiago: