Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroaren lehenengo batzarraren esparruan, Pirinioetako Lan Elkarteak mugako zazpi lurraldeetako 60tik gora gazte eta dozena bat kargudun publiko eta ordezkari politiko bildu zituen larunbatean, Pirinioetako gazteria gisa dituzten arazo eta premia nagusien berri emateko.

Kataluniak –gaur egun, CTPko presidentetza du–, Pirinioak mendialdeko politiken eta mugaz gaindiko lankidetzaren arloetan Europako mapan kokatzeko asmoz, Pirinioetako gazteei ozen hitz egiteko eskatuz egin zien ongietorria bertaratutakoei: «Zuek, Europako gazteak, zarete integrazioaren motorra eta herritarren abangoardia. Ausardia eskatzen dizuet, Europa berdeagoa, konektatuagoa, sozialki bidezkoagoa eta feministagoa eraikitzeko dituzuen ideiak eta nahiak aurkeztea», esan zuen Victòria Alsinak, Kataluniako Generalitateko Kanpo Ekintza eta Gobernu Irekiko kontseilariak.

Akitania Berri eta Okzitaniatik (Frantzia), Euskadi, Nafarroa, Aragoi eta Kataluniatik (Espainia) eta Andorrako Printzerritik etorrita, Pirinioetako gazteen ordezkaritza horrek gehien kezkatzen dituzten eguneroko arazoak eta ustezko konponbideak azaldu zituen.

Lan eta Emantzipazio Batzordeak adierazi zuenez, oinarrizko arazoetako bat ekonomia zentralizatuta egotea da, enplegu- eta etxebizitza-eskaintzetan eragin zuzena baitu. Horregatik, politikariei neurri berriak ezartzeko eskatu zien, hala nola lan-trukeak ezartzea. Horri erantzunez, Aragoiko Gazteriaren Institutuko zuzendari Adrián Gimenok gazteak zuzen zeudela azpimarratu zuen eta, adierazi zuenez, «Aragoiko Gobernuarentzat ezinbestekoa da despopulazioaren, etxebizitzaren eta enpleguaren gaiak lotzea, horrela bakarrik aurkituko baitugu irtenbidea». Kataluniako Generalitateko Gazteriako zuzendari Àlex Sastre i Prietoren arabera, berriz, «Katalunian dagoeneko erakundeen deszentralizazioa gauzatzen ari da, zerbitzuak emateko eta jendeak Bartzelonara joan beharrik ez izateko.  Landa-eremuko despopulazioa saihesteko, ezinbestekoa da zuntz optikoa leku guztietara iristea».

Beste alde batetik, Feminismo, Arrazismo, LGTBIQ+ Eskubide eta Beste Gizarte Gai Batzuen Batzordeak arrazismo instituzionalaren existentzia, emakumeak-gizonak sistema bitarrarekiko gatazka, hizkera inklusiboa eta goi-karguetako desparekotasuna jarri zituen mahai gainean. «Nafarroak feminismoa dagoeneko hezkuntzan sartu du eta bertatik lantzen du. Badakigu batzuetan arrazakeria instituzionala dagoela eta aurre egin behar diogu», esan zuen Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari Carlos Amatriain Bustok.

Kultura, Hizkuntza eta Nortasun Batzordeak eta Turismo eta Mugikortasun Batzordeak ohartarazi zuten lurraldeen artean kultur eskaintzaren inguruko komunikazio arazo bat eta informazio falta zeudela. «Akitania Berrian gazteen jaialdi bat antolatzen dugu eta beste lurralde batzuetako gazteak presente egon ahal izateko modua aztertuko dugu», adierazi zuen Akitania Berria eskualdeko Partaidetza eta Herritartasun arduradun Cécile Bienesek. Era berean, Batzordeak eskualdeetako hizkuntzen aldeko apustua egin zuen, lurraldeak lotzeko motor eta tresna gisa. «Elkarrizketen bidez baino ezin dugu elkarrekin komunikatu», esan zuten gazteek. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari Agurtzane Llano Cuadradok honako hau adierazi zuen: «Oso garrantzitsua da horiek baloratzea, herrien balioak eta bizitzeko modua ulertzea ahalbidetzen dutelako. Hizkuntza eztabaida politikotik ateratzea ezinbestekoa da».

Azkenik, jasangarritasunaren txanda izan zen. Une horretan, gazteek azpimarratu zuten energia-politikak aurrera eramateko orduan mendialdeko lurraldeak kontuan hartu behar direla eta irmoki eskatu zuten baso-lur eta espezie autoktonoak ondo kudeatzeko, baita garraio jasangarria ahalbidetzeko azpiegiturak sortzea eta hondakinak atez ate bereizita jasotzea ere. Andorrako Gobernuko Gizarte Gai, Gazteria eta Berdintasun Ministerioko Haur, Nerabe eta Gazteriako zuzendari Jordi Olivé Cadenak honako hau iragarri zuen: «Ekoturismoaren, bide berdeen, aldeko apustua egiten ari gara, turismo jasangarria erakartzeko. Haur eta gazteentzako tarifa laua duen karnet bat ere atera dugu. Horrez gain, birziklatzearen aldeko apustua egiten dugu».

Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroa Pyrenean Youth Europako lankidetza-proiektuaren barruan dago –Pirinioetako Lan Elkartea buru duen proiektua, Erasmus+ programak batera finantzatua– eta lehenengo edizioaren helburua honako hau da: Pirinioetako gazteek bertako erakunde publikoak ordezkatzen dituzten pertsonekin elkarrizketa egituratu bat izatea, mugaz gaindiko agenda publikoan gazteen ahotsa sartzeko. Premisa horretan oinarrituz, goiz osoan, kargudun publikoek eta ordezkari politikoek beren lurraldeetan askotariko eremuetan egiten diren ekintzak azaldu zituzten, baita lurraldeko gazteen arazo komunei aurre egiteko lankidetzak duen garrantzia ere. Elkarrizketa horretatik hainbat ondorio atera ziren, adibidez: gazteen arteko elkartrukeak barne hartzea, bai lan-arloan bai kirol- eta kultura-mailan, Pirinioetako mugaz gaindiko parke bat sortzea eta ekoturismoaren aldeko apustu irmoa egitea.

Topaketa hori gazteak eta kargudun publikoak mugaz gaindiko lankidetza indartzeko bidean eskutik helduta jarduteko abiapuntua da. Hurrengo hitzordua urriaren 13an izango da, Europako Eskualdeen eta Hirien 19. Astean (EU Regions Week). Europako Batzordearen ekitaldi horretan, Pirinioetako Lan Elkarteak online tailer bat egingo du: «Europaren oraina eta etorkizuna: jende gaztearen ekarpena mugaz gaindiko lurraldeetan». Jardunaldi horretan Pirinioetako eta Alpeetako gazteek parte hartuko dute, baita Europar Batasuneko gazteriaren arloko koordinatzaile Biliana Sirakovak ere.

Bitartean, Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroak bere agendarekin jarraituko du bihar arte. Orduan, gazteek Pirinioetako Gazteen Manifestua aurkeztuko dute, Pirinioetako gazteen beharrizan komunak eta horiek konpontzeko proposamenak bateratuko dituen idatzi bat. «Gazte guztien bultzada eta negoziatzeko gaitasuna ditugu urriaren 13an Europan aurkeztuko den Pirinioetako gazteen lehen manifestua idazteko», esan zuen CTPko Idazkaritza Nagusiko kide Rafael Giménez Capdevillak.

Foro Transpirenaico de la Juventud 2021