Bizitza demokratikoan gazteriaren partaidetza aktiboa sustatzeko eta klima-aldaketaren gaineko eztabaida bultzatzeko helburuz, Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) 60 gazte baino gehiago bildu ditu Hondarribian, Gazteriaren II. Pirinioez gaindiko Foroan –Nouvelle-Aquitaine, Okzitanie, Katalunia, Andorra, Aragoi, Nafarroa eta Euskadikoak–. Irailaren 29an hasita, ekintza klimatikoari buruzko zazpi lankidetza-proiektutan aritu ziren lanean, 2021ean prestatutako Pirinioetako Gazteen Manifestuaren jarraipen moduan. Goizean, beren proposamenak aurkeztu zizkieten Pirinioetako zazpi lurraldeetako hamar ordezkari instituzional ingururi.

PLEren presidente eta Euskadiko lehendakari Iñigo Urkulluk bideokonferentzia bidez hartu zuen parte, eta honako hau esan zuen: “zuek zarete lehenak klima-aldaketak eragindako egoerari buelta ematen eta gure herrialdeak errespetuzko garapen-eredu bihurtzen, etorkizuneko belaunaldien ongizatea eta garapen jasangarria bermatzeko”.

PLEren idazkari nagusi Mikel Antónek parte-hartzaileak agurtu zituen, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazurekin batera, eta hurrengoa nabarmendu zuen: “ezin egokiagoa da klima-aldaketa hautatu izana, eta gure lan-arlo guztietara iristen den gai horizontal hori jorratzen aritzea txalotu behar dugu. Zuen ikuspuntua ikasteko eta gure politiketan txertatzen saiatzeko etorri gara gu gaur hona”. Bestalde, PLEko zuzendariak, Jean-Louis Vallsek, gazteak adoretu zituen: “zuen proiektuen amaiera ez da foroa izango. Aurrera egin dezatela nahi dugu, dagokien lekura hel daitezela eta, zergatik ez, ekimen handiagoetan txerta daitezela”.

Pirinioetako ekintza klimatikoari buruzko zazpi proiektu, gazteek zuzenduak

Proiektuek askotariko gaiak lantzen dituzte, esaterako, biodibertsitatearen babesa eta sentsibilizazioa, arteen bidez, hedabideen bitartez edo museo-autobus batekin. Halaber, tokiko elikagaien produkzioa eta kontsumoa sustatzeko egitasmo bat eta Pirinioetako bideak belaunaldien artean zaintzeko ekimen bat proposatu dituzte.

Hobetzeko iruzkinak egiteko asmoz, Núria Ramón (Agència Catalana de la Joventut-en zuzendari nagusia), Carlos Amatriain (Nafarroako gaztediaren ikastetxeko zuzendaria), Cécile Biénès (gazteria-gaietako zuzendaria Nouvelle-Aquitaine eskualdean) eta Adrián Gimeno (Aragoiko Gazteriaren Institutuko zuzendaria) proposamenak komentatzen aritu ziren POCTEFA proiektuen sustatzaileekin, NAEN Euroeskualdeko ordezkariekin, Europa Taldeko ordezkariekin eta Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiko kideekin.

Arratsaldean, parte-hartzaileak bizikletan ibili ziren Bidasoako Bide Berdearen Doneztebeko zatian (Nafarroa). Urriaren 2an, igandea, topaketa amaitzeko, burututako proiektuak aurkeztu zituzten.

 

Gazteriaren II. Pirinioez gaindiko Foroaren argazkiak
FTJ 2022