CREAFek antolatuta, lehorteak Europako hego-mendebaldeko (SUDOE) mendietako basoetan dituen eraginak kudeatzeko eta prebenitzeko estrategiei buruzko nazioz gaindiko hirugarren mintegia egin zen atzo, Sudoe MONTCLIMA proiektuaren esparruan.

Goizean goizetik, nazioarteko hainbat hizlarik Europako hego-mendebaldeko (SUDOE) basoetan basoak egokitzeko eta kudeatzeko jardunbide egokiei eta estrategiei buruzko ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten. Elkartruke horren helburua lehorteak kudeatzeko eta prebenitzeko politiketan ekarpen bat egitea da, baita arrisku naturalen kudeaketa hobetzea ere.

Aurreko urteetako dinamikari jarraituz, gaiarekin lotutako leku geografiko batean kokatu nahi izan da topaketa. Hala, oraingoan, Mediterraneoko arroko hiriburuan, Bartzelonan, egin da nazioz gaindiko topaketa, lehorteen gaia aztertzeko; hau da, Europako hego-mendebaldeko eskualdeari eragiten dioten lau arrisku natural nagusietako bat.

«Badakigu Mediterraneoko eta mendialdeko eremuak kalteberagoak direla klima-aldaketaren aurrean, eta, horregatik, MONTCLIMA proiektuak eta antzekoek zentzu osoa dute; izan ere, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta lurraldeko pertsonen sufrimendua saihesteko gidak edo tresna berriak –geobisore bat, adibidez– sortzera bultzatzen gaituzte, baina, batez ere, lankidetza areagotu eta hobetzera», adierazi zuen Rosa Amorós i Capdevilak, Pirinioetako Lan Elkarteko (CTP) idazkari nagusiak.

CREAFek antolatutako hirugarren mintegi honekin, Sudoe MONTCLIMA proiektuak –CTP eta OPCC ditu buru– oinarrian duen ideia sendotu du; krisi klimatikoaren eta arriskua dakarten gertakari naturalen maiztasun eta intentsitatea handitzearen artean zuzeneko lotura dagoela, alegia. Eta, aldi berean, agerian utzi du herritarrak arrisku naturalei buruz eta klima-aldaketak Europako hego-mendebaldeko lurralde menditsuan eragina izateko arriskuari buruz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko modu berriak behar direla.