Pirinioetako Lan Elkartearen XXXIX. osoko bilkuran, CTPko Garapen eta Dinamizazio Unitateko koordinatzaile Idoia Arauzok, 2021eko urriaren hasieran egin zen Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroaren lehenengo batzarraren ondorioak aurkeztu zituen, CTPko eskualdeetako hiru gazterekin batera.

Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroa Pyrenean Youth Europako lankidetza-proiektuaren barruan dago –Pirinioetako Lan Elkartea buru duen proiektua, Erasmus+ programak batera finantzatua– eta lehenengo edizioaren helburua honako hau izan zen: Pirinioetako gazteek bertako erakunde publikoak ordezkatzen dituzten pertsonekin elkarrizketa egituratu bat izatea, mugaz gaindiko agenda publikoan gazteen ahotsa sartzeko.

Gazteek, gainera, ordezkari politikoekin pribatuan biltzeko aukera izan zuten. Ordezkarien artean honako hauek zeuden, besteak beste: Pere Aragonès i Garcia, Kataluniako Generalitateko presidentea; Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Maria Ubach, Andorrako Gobernuko Kanpo Gaietarako ministroa; Mathieu Bergé, Akitania Berria Eskualdeko kontseilaria; Felipe Faci, Aragoiko Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol kontseilaria; Sébastien Denaja, Okzitania eskualdeko kontseilaria; eta Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria.

Topaketan, hainbat ekimen –Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroa, kasu– babesten jarraitzearen garrantzia adierazi zieten gazteek, gehien kezkatzen zituzten gaietako batzuei buruz hitz egin zuten eta Pirinioetako Gazteen Manifestuaren kopia bat eskura eman zieten. Azken hori Foroan parte hartu zuten 60tik gora gazteek elkarrekin idatzi zuten eta Pirinioetako gazteen beharrizan komunak jasotzen ditu, baita horiek konpontzeko hainbat proposamen ere.

Edukietan haiei eragiten dieten zeharkako hainbat arazo identifikatzen dira: lana eta emantzipazioa; kultura, hizkuntzak eta nortasuna; turismoa eta mugikortasuna; natura eta jasangarritasuna; eta feminismoa, arrazakeria, LGTBIQ+ eskubideak eta beste gizarte-gai batzuk.

Pirinioetako gazteak indartzeko eta ikusarazteko aurrerapauso bat izan zen topaketa, baita mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia eta balioa erakusteko beste aukera bat ere.

CTPren XXXIX. osoko bilkurari buruzko informazio gehiago, esteka honetan.

Pirinioez Haraindiko Gazteen Foroari buruzko informazio gehiago eta Pirinioetako Gazteen Manifestua deskargatzeko aukera, esteka honetan.