Energiaren Euskal Erakundeak Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) hidrogenoari buruzko lantaldearen bilera hartu du. Talde hori mugako zazpi lurraldeetako ordezkariek osatzen dute, eta hidrogenoaren arloan Pirinioetako mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko asmoz bildu dira.

Hidrogenoa bektore energetiko bat da, gero mota guztietako aplikazioetan erabil daitekeen energia biltegiratzeko modu bat. Gaur egun, Europan, hidrogenoan biltegiratutako energia guztizko energia-kontsumoaren % 2 baino gutxiago da, eta batez ere industria kimikoan erabiltzen da. Hala ere, Europar Batasunaren hidrogeno-estrategian baieztatzen da hidrogenoa funtsezko lehentasuna dela Europako Itun Berdea eta Europan energia garbi baterako trantsizioa lortzeko.

Estrategia horrekin eta lurralde- eta estatu-estrategiekin bat etorriz, PLEk lurraldearen gaitasunen mapa bat egingo duen lantalde bat gidatuko du, lankidetza-espazioak eraikiko dituena eta Pirinioetako lurralde guztien arteko lankidetza-protokolo bat sortzea bilatuko duena.

«Egungo testuinguru geopolitikoak energia-iturriak eta -bektoreak dibertsifikatzea eskatzen du, energia-sistemak independentzia handiagoa izan dezan inportazioen aurrean, eta erresilientzia handiagoa izan dezan merkatuen tentsioen, baliabide-eskasiaren edo ezegonkortasun politikoaren aurrean», adierazi du Mikel Antonek, Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusiak.

Pirinioetako Lan Elkarteak, Iñigo Urkullu buru duela 2023ra arte, lantalde hori bultzatu du, 2019tik 2021era Kataluniaren lehendakaritzapean, 2018-2024 aldirako Pirinioetako Estrategian ezarritakoaren arabera.