Pirinioetako zazpi lurraldeetako erreferenteak Hidrogeno Aragoi Fundazioaren egoitzan bildu dira, Huescan, Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) bultzatutako Hidrogeno Lantaldearen aurrerapenak bateratzeko.

Talde hau 2020an sortu zen 2018-2024 aldirako Pirinioetako Estrategiaren esparruan, Pirinioetako mugan hidrogeno berriztagarriaren ekonomia hedatzeko lankidetza-ahalmen handia garatzeko helburuarekin. Parte hartzen duten pertsonak Nouvelle-Aquitaine, Okzitanie, Andorra, Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta Euskadiko erakunde publiko eta pribatuetatik datoz. Azken lurralde horrek du gaur egun PLEren lehendakaritza, eta bera da taldearen garapenaren buru Energiaren Euskal Erakundearen bitartez.

Ekintza koordinatuen bidez karbono-isuririk gabeko ekonomia baterantz aurrera egiteko, zazpi lurraldeak hidrogenoaren sektoreko erakunde publiko eta pribatuen gaitasunen mapaketa bat garatzen ari dira osagarriak identifikatzeko; Pirinioetako energia-lankidetzako proiektuen eta finantzaketa-aukeren prospekzioa egiten ari dira; eta mugaz gaindiko lankidetza-protokolo bat idazten ari dira, Pirinioetan hidrogeno berriztagarriaren ekonomia bultzatuko lukeena.

Protokolo honen helburua da Ebroko hidrogeno-korridoreari (Espainia) eta Pyrénées Hydrogène korridoreari (Frantzia) esker lurraldean egin diren aurrerapenak bateratzea. Testua egiteko prozesuan dago, eta hidrogenoaren Europako ibilbide-orriarekin, Frantziako, Espainiako eta Andorrako hidrogenoaren eta klimaren estrategiekin eta tartean dauden eskualdeetako eta erkidegoetako gobernuen planekin bat etorriz garatu nahi da.

Hidrogenoaren balio-kateak (ekoizpena, biltegiratzea, banaketa, aplikazioa, erabilera eta beste alderdi batzuk) lankidetzarako eta garapenerako aukera ugari eskaintzen ditu Pirinioetan.