Pirinioetako Lan Elkarteak, Pirinioak-Mediterraneoa euroeskualdearekin, Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdearekin, Pirineos Pyrénées LLETarekin eta lurralde hautagarrietako kide instituzionalekin batera, Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaz gaindiko lankidetzako mikroproiektuetarako lehen deialdia egin dute.

Ekimen honek 575.000 euro bideratuko ditu kultura, turismo, kirol, hezkuntza, gazteria, gizarte-ekintza, osasun, nekazaritza, nekazaritzako elikagaien sektore eta ingurumenaren arloetako mugaz gaindiko ekintza berritzaile zehatzak abian jartzen dituzten mikroproiektuak % 100ean finantzatzera.

Programatutako mikroproiektuek mugaz gaindikoak izan beharko dute eta gehienez 25.000 eurokoa bakoitza. Hautagaitzak Pirinioetako Lan Elkartearen webgunearen bidez soilik bidali ahal izango dira. Informazio xehatu guztia esteka honetan dago.

Interesa duten erakundeek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko martxoaren 1eko 14:00ak arteko epea izango dute hautagaitzak bidaltzeko.

Proiektuek gehienez ere 18 hilabete iraungo dute eta 2022ko ekainaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean egin beharko dira, luzatzeko aukerarik gabe.

Honako hauek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza: nortasun juridiko publiko edo pribatua duten (enpresa pribatuak, erakunde publikoak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak) hiru estatu kideetako (Espainia, Frantzia eta Andorra) gutxienez bitakoak diren talde edo aliantza guztiek.

Zehazki, honako lurralde hauetakoak izan daitezke onuradunak:

  • Espainia: Girona, Bartzelona, Tarragona, Lleida, Huesca, Zaragoza, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Errioxa.
  • Frantzia: Pyrénées-Orientales, Ariège, Haute- Garonne, Hautes-Pyrénées eta Pyrénées-Atlantiques.
  • Andorra: lurralde osoa.

Deialdia eta oinarri arautzaileak Aragoiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dira ofizialki. Esteka hau sakatuz deskarga daitezke.

Dirulaguntzen bidez, parte hartzen duten eskualdeak aberastuko dituzten proiektu txikiak sustatu eta finantzatzen dira eta, hala, mugaz gaindiko lankidetza dinamizatzen da eta bizia ematen zaio.