plenario2020

Pirinioetako Lan Elkartearen partzuergoa osatzen duten zazpi lurraldeetako ordezkariak atzo bildu ziren, PLEren XXXVIII. Osoko Bilkuraren esparruan, PLEren 38 urteko historian egindako lehenengo osoko bilkura birtualean. Pandemia lurralde mugakideei nola eragiten ari zaien eta egoera horri nola aurre egin izan zen batzarrean behin eta berriz aipatutako gaia. Vielhan antolatu zuen Kataluniako Generalitateak, 2019ko azarotik 2021aren bukaerara arte PLEren txandakako lehendakaritza duen erakundeak.

Bernat Solé Kataluniako Generalitateko Atzerri Ekintza, Harreman Instituzional eta Gardentasuneko kontseilariak, Generalitateko presidentetzaren ordezkari gisa, eta mugaz gaindiko partzuergoa osatzen duten gainerako erakundeetako ordezkariek Adierazpen Komuna onartu zuten, zeinaren bidez Pirinioetako Lan Elkartearekiko konpromisoa berretsi baitzuten. Batzarrean, COVID-19a Pirinioetako lurraldean izaten ari den ondorioak gainditzeko lankidetza eta elkarlanerako hainbat dei egin ziren.

Bernat Solék, PLEren gaur egungo presidentetzaren ordezkari gisa, mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia nabarmendu eta azken urtean egindako lana laburbildu zuen: «PLEn hainbat lan-ildo sortu ditugu, adibidez, gazteriakoa eta kulturakoa. Europarekin konprometituta gaude, baina Europaren babes handiagoa behar dugu: funts gehiago eta aitortza handiagoa, gure erronka Europa konektatuagoa eta oparoagoa sortzen laguntzea baita. Ildo horretan, Pirinioak potentzial handiko gune bat dira», adierazi zuen. Horrez gain, «pertsonek izan behar dute beti politiken ardatza» esan zuen.

bernat-sole

Marian Elorza Zubiriak, Euskadiko Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak, honako hau adierazi zuen: «Denok ziurgabetasunak markatutako panorama batean egin behar diegu aurre erronka berriei. «Next generation EU» COVID-19aren ondorio suntsitzaileei aurre egiteko funtsezko tresna bat da».

Pascale Péraldik, Okzitania eskualdeko (Pirinioak-Mediterraneoa) kontseilariak, Kataluniako presidentetzari Pirinioez gaindiko Gazte Foroa bultzatzeagatik zorionak eman zizkion, eta honako hau iragarri zuen: «Gazteak mugaz gaindiko lankidetzan inplikatu behar dira. Horregatik, zuen mugaz gaindiko foroetako bat Okzitanian antolatzea proposatzen dizuegu. Ahal denean, atsegin handiz egingo dizuegu harrera».

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, honako hau nabarmendu zuen: «Lurraldeen arteko lankidetzak aktiboa eta koordinatua izan behar du. Klima-aldaketaren aurkako edo ekonomia zirkularreko politika aktiboak arlo estrategikoak dira. PLEren moduko espazioen bitartez guztiongan suntsipena eragiten ari den krisi honetatik indartsuago atera gaitezkeela ulertzen dugu».

Maria Ubachek, Andorrako Gobernuko Atzerri Arazoetako ministroak, ideia horrekin ados zegoela adierazi eta honako hau azaldu zuen: «PLEk datozen urteetan funtsezko rol bat jokatuko du, Pirinioetako Estrategiari eta etorkizuneko POCTEFA programari esker. Pirinioetako Estrategia gure lurraldeetako herritarrei mesede egingo dien azken urteetako ekimen arrakastatsu bat da. Lantaldeek lankidetzarako oso tresna erabilgarria izango dela erakutsi dute».

Mathieu Bergék, Akitania Berria eskualdeko kontseilariak, honako hau azpimarratu zuen: «POCTEFAri dagokionez, 2021-2027ko etorkizuneko programazioaren eraginez, mugaz gaindiko lankidetzaren inguruko ikuspegi gero eta kualitatiboagoa izango dugu eta Europa herritarrengana hurbiltzea lortuko dugu».

Bestetik, Mayte Pérezek, Aragoiko Gobernuko Presidentetzako eta Harreman Instituzionaletako kontseilariak, honako hau adierazi zuen: «Klima-aldaketarekin lotutako guztia nabarmentasuna ari da lortzen eta hori funtsezkoa da, are gehiago mugaz gaindiko esparruan. Mugaz gaindiko lankidetzak Europar Batasunaren testuinguruan ikusgaitasun handiagoa izatea ere bada Pirinioetako Estrategiaren helburuetako bat».

rosa-amoros

Osoko Bilkuran, Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusiak, Rosa Amorós Capdevilak, PLEk aurten munduko pandemiaren egoera berezira egokitzeko egin dituen ekimenak laburtu zituen. Erakunde horren etorkizuneko lehentasunak ere adierazi zituen: «PLEk mugaz gaindiko lankidetzako zenbait ekintzatan arreta berezia jarri du, klima-aldaketaren ikuspegitik, eta krisiaren ondorengo neurriek energiarekin lotutako neurriekiko koherenteak izan behar dute. Lehentasunezko neurrien artean, lurraldearen sustapena eta erakarpena daude; PLEk telelana eta online prestakuntza babestea proposatzen du. Horrez gain, garapen ekonomikoko proiektuak bultzatu behar dira, lurraldea berraktibatzeko».

Gainera, PLEren zuzendariak, Jean-Louis Vallsek, PLE bera buru duen Pirinioetako Estrategia martxan jartzearen emaitzak azaldu zituen eta aurten sortu diren lantaldeek egindako aurrerapenak aurkeztu zituen. Era berean, Europako Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programak (POCTEFA 2014-2020) programatutako proiektuen zifrak aurkeztu zituen –Pirinioetako Lan Elkartea horren kudeatzailea da, POCTEFA 2007-2013ren kasuan bezala–. POCTEFA 2014-2020 Programak mugaz gaindiko lankidetzako 173 proiektu programatu ditu, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatuak, hiru proiektu-deialdiren bitartez.

Halaber, gazteriako lantaldeak 2021erako aurreikusita dagoen Pirinioez gaindiko lehen gazte foroa antolatzea ekarriko duen plana aurkeztu zuen. Pirinioetako lurraldeetako hiru gaztek aurkeztu zuten ekintza hori. Ekimenaren atzean dagoen motibazioa azaldu eta bideo bat jarri zuten. Bideo horretan, foroan inplikatutako gazte gehiago agertzen ziren. Hemen ikus daiteke bideoa:

Osoko Bilkuraren hasieran, COVID-19ak lurralde mugakideetan izan duen eraginari buruzko mahai-inguru bat egin zuten. Mahai-inguruan, Europako hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu zuten; besteak beste, Europako Parlamentuko, Europako Batzordeko eta Eskualdeen Batzordeko ordezkariek. Gainera, Elisa Ferreirak, Europako Kohesio eta Erreformetako komisarioak, aurretik grabatutako bideo baten bidez hitz egin zuen.

Horrez gain, eztabaida bat egin zuten. Eztabaida horretan, Pirinioetako espazio mugakideetako hainbat ordezkarik parte hartu zuten; esaterako, hauek: Jean Peyronyk, Mission Opérationelle Transfrontalière (MOT) erakundeko zuzendari nagusiak; Martin Guillermo-Ramírezek, Europako Eskualde Mugakideen Elkarteko (ARFE) idazkari nagusiak; Arola Urdangarin Ferreirak, NAEN euroeskualdeko (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa) zuzendariak; Xavier Bernard-Sansek, Pirinioak-Mediterraneoa euroeskualdeko zuzendari nagusiak eta Rosa Amorós Capdevilak, PLEko idazkari nagusiak.

Ekitaldiaren grabazio osoa hemen dago eskuragarri:

Informazio gehiago: