Nafarroako Foru Komunitatea

Nafarroako Foru Komunitatea Espainia iparraldean dago, Pirinioetako mendebaldeko muturrean, eta 163 kilometroko muga du Frantziarekin. 10.391,08 kilometro karratuko azalera du, eta Aragoi, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa ditu mugakide.

Aniztasun handiko lurraldea da, geomorfologiari, ezaugarri bioklimatikoei eta gizarteari dagokienez: Pirinioetako gailur garaietatik eta iparraldeko baso hostotsuetatik hegoaldeko Bardeetako basamorturaino.

Populazioa, 2019ko urtarrilaren 1ean, 653.846 biztanlekoa zen. Horietako 199.066 hiriburuan bizi dira, Iruñean.

Nafarroa erresuma independente izan zen ia mila urtez, eta, hori dela eta, bere lege eta eskubide zaharren zati bat mantentzen du gaur egun ere, tartean zergen eta ekonomiaren arloko autogobernua.

Espainiako eskualde txiki bat izanik ere, herrialdeko ekonomia aurreratuenetako bat du, eta adierazle oso onak izaten ditu aberastasunari, zerbitzuen irismenari eta bizi-kalitateari dagokienez.  Langabezia-tasa % 8,19koa da, Espainiako baxuena, eta per capita errenta herrialdeko hirugarren altuena da.

Europara irekita dagoen Iurralde bat

Nafarroa Donejakueko bide frantsesaren bi adarren sarbidea da. Horrek eragin ukaezina izan du lurraldeko ohituretan eta ondare artistikoan, bai eta irekitasunean ere.

Nafarroako gizartea guztiz europazalea da, Europar Batasunak Foru Komunitatearen balioak ederki ordezkatzen dituelako: askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide-estatua, tolerantzia, aurrerapena eta giza eskubideen errespetua. Europar Batasunaren parte izateak garapena eta gizarte-kohesioa ekarri dizkio Nafarroari, eta aukera eman dio lankidetzarako organismoetan presente egoteko Europako beste eskualde batzuekin, horiekin interes eta ardura partekatuak baititu garapen-politiken alorrean.

Esparru horretan, Nafarroa Pirinioetako Lan Elkarteko kide izan da erakunde hori 1983an sortu zenetik, eta ekimen ugari sustatu ditu mugaz gaindiko integrazioa indartzeko, trukeak sustatzeko, arazo komunak identifikatzeko eta konponbide partekatuak bilatzeko.

Dudarik gabe, estrategia bateratu horiek politika ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hobetu dituzte Pirinioen bi aldeetan.

Gaur, oso une garrantzitsuak bizi ditu Europak, erronka ugarirekin: brexita, migrazioen krisia, fanatismo politikoa. Hortaz, inoiz baino beharrezkoagoa da Nafarroaren europazaletasuna berrestea.

Datuak

Azalera (km2) 10.421 km2
Pirinioetako mendigunearen azalera (km2) 600 isohipsaren gainetik dago Nafarroako gainazalaren % 40,62.
Mendebaldeko Pirinioak 2.000 km2 ditu.
Biztanleria 653.846 biztanle (2019ko urtarrilaren 1a)
Biztanleria-dentsitatea 62,3 biztanle/km2
Hiriburua Iruñea (199.066 biztanle)
ES-FR-AND mugaren luzera (km) 163 km muga Frantziarekin
Kostaldearen luzera (km)
Probintziak / Departamenduak Probintzia bakarra
Hizkuntzak Euskara eta espainiera