Mugaz gaindiko lankidetzarako beste urte bat hasi da Pirinioetan: lehendakaritza berria, POCTEFAko 62 proiektu berriei buruzko behin betiko ebazpena eta martxan jartzea, eta Pirinio ingurunearen garapena sustatzeko mota guztietako mintegiak, jardunaldiak eta ekitaldiak.

2017a oso urte garrantzitsua izan da Pirinioetako Lan Elkartearentzat. 35 urte bete dira 1983an sortu zenetik, Pirinio inguruari, Europako beste muga batzuetan zeuden antzeko mugaz gaindiko lankidetzarako egitura emateko xedea zuen erakunde gisa. Hiru hamarkada baino gehiago horietan, CTPk Pirinioetako mendikatearen garapen ekonomikoaren eta sozialaren alde egin du lan, erronkak kontuan izanik eta aberastasunak zainduz.

Horrez gain, amaitu berri den 2017 honetan, CTPren Lehendakaritzaren txanda Nouvelle-Aquitainetik Aragoiko Autonomia Erkidegora pasatu da. Hurrengo bi urteetan Aragoiko Gobernua izango da Lehendakaritza bere gain izango duena, eta Javier Lambán, Aragoiko Gobernuko Presidentea, izango da CTPren Presidentea, Pirinio inguruko mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko. Halaber, Idazkari Nagusi berria izendatu da, Antonio Pascual Piazuelo, eta bera izango da CTPren Idazkaritza Nagusia kudeatuko duena, Aragoiko Autonomia Erkidegoa presidente den garaian.

Biarritzen egin zen CTPren urteko azken Osoko Kontseiluan, POCTEFA 2014-2020ko Programazio Batzordeak programaren bigarren deialdiaren behin behineko ebazpena onetsi zuen. Mugaz gaindiko lankidetzarako 62 proiektu eta Lurralde Garapenerako Funts Europarraren (FEDER) 71,2 milioi onetsi ziren behin behinekoz, eta denbora gutxi barru, behin betiko ebazpena argitaratzeko eta onuradunekin lan egiten hasteko aukera izango dugu. 62 proiektu horiek POCTEFA 2014-2020 programaren funtsen %40 hartuko dute, eta, 1. deialdian programaturiko proiektuei gehituz gero, 2020an amaituko den epealdirako dauden FEDER funtsen %80ra heltzen dira.

Zer ekarriko digu 2018ak?

POCTEFA 2014-2020 programaren proiektuen bigarren deialdiaren behin betiko programazioa oso garrantzitsua da, baina ez da hori izango erronka bakarra. Hasi berri den urte honetan lanean jarraituko dugu, hain aberatsa eta anitza den gure lurraldeko mugak ez daitezen garapenerako traba izan. Lurraldeko biztanleen bizitza kalitatea hobetzea, integrazioa indartzea, ekonomia eta gizarte arloetako trukaketa garatzea, berrikuntza, lankidetza eta kultur eta natura ondarearen ezagutza sustatzea gure helburu nagusietako batzuk baino ez dira. 2018 honetan, CTPk aurrera jarraituko du helburu horiek guztiak lortzen lagunduko duen Pirinioetako Estrategia gauzatzeko lanean.

Gure jarduera guztiari adi jarraitzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, informazio buletinen (POCTEFAren eta CTPren newsletterrak) eta sare sozialen (Facebook eta Twitter) bitartez.

Urte berri on, eta lankidetzarako proiektu asko ekar ditzala.

 

Jean-Louis Valls

Pirinioetako Lan Elkartearen Zuzendaria