Esan bezala, lehenengo hitzaldia kontuan hartzekoa izango da, une politiko erabaki-orrean egitekoa baita: batetik, Europan 2014tik 2020ra bitarteko kohesio politika sortzeko eztabaidetan sartuta egongo direlako; bestetik, Frantzia deszentralizazio prozesuaren fase berri batean dagoelako, eta horrek ezinbestean mugaz haraindiko politika berregokitzea ekarriko duelako.
Izatez, MOTak 2011ko ekainetik hona zuzendutako Europ’Act proiektu baten itxierako hitzaldia izango da aurreneko hori. Hortaz, ordura arte egindakoak aztertzeko aukera aproposa izango da, kohesio politiken, gobernu baliabideen eta mugaz gaindiko lurraldeko politiken arteko harremanak hobeto antolatu eta bideratzeko. Proiektuaren emaitzak, hitzaldian eztabaidatuko direnak, gida metodologiko batera bildu dira, labur-labur. Bertan, Frantziako mugen egoeraren zeharkako diagnostikoa eta mugaz gaindiko egungo lankidetza hobetzeko jarraibideak ematen dira.
Abenduaren 10eko bigarren hitzaldia, berriz, MOTak abian jarritako epe luzerako neurri baten baitan egingo da. Ekimen horretan, DATAR eta FNAU elkarteek eta Frantziako mugaz haraindiko hirigintza-agentziek ere hartzen dute parte.
Tokiko neurri eredugarriak adibide modura aurkeztu ondoren, mintegi honetan mugaz haraindiko lurraldeen ordezkari diren tokiko eragileek aurrera begira dituzten aukeren gaineko eztabaida sustatuko da.Aldi berean, herri politiken zerbitzuaren zaintza-lanen garrantziaz hitz egingo da, lortutako emaitzak aztertzearen premia ahaztu gabe.
MOTaren webgunean hitzaldietako egitarauak eta gainerako jarraibideak eskura daude: www.espaces-transfrontaliers.eu. Kontuan izan lehen hitzaldian izena emateko epea dagoeneko itxita dagoela.