Asteazken honetan Pirinioetako Lan Elkarteko Partzuergoa osatzen duten zortzi lurraldeetako ordezkariak elkartu dira Andorra la Vellan. Topaketa, aste honetan Andorrako hiriburuan egiten ari den CTPren XXXII. Osoko Kontseiluaren barruan burutu zen.

Zortzi lurraldeetako lider politikoek berretsi egin zuten Pirinioetako Lan Elkartearen helburuekin duten konpromisoa. Duela 32 urte baino gehiago martxan jarritako proiektu komun hori, mugaz gaindiko lankidetzaren alorrean lehen mailako eragilea da Europa mailan.

Bilerari amaiera emateko, Presidenteen Adierazpen Komuna sinatu zen. Agiri horren bitartez, CTPko kide diren lurraldeetako agintariek konpromisoa hartzen dute, beraien lurraldeen arteko lankidetza sendotzeko eta Europar Batasunaren testuinguruan, erakunde gisa, oihartzun gehiago izateko modu eraginkorrean, solidarioan eta arduratsuan lan egiteko.

2014. urte honetako Presidenteen Adierazpen Komunak, 2014-2020 epealdian CTPk POCTEFAren Kudeaketarako Agintaritza izaten jarrai dezan lurraldeek egiten duten apustua ere erakusten du. Datozen urteetarako programa Bruselara bidali ondoren, CTP Europar Batzordearen irizpenaren zain dago une honetan.

Adierazpen Komunaren sinaduraren bitartez, zortzi lurraldeetako agintariek beraien konpromisoa erakusten dute, benetan mugaz gaindikoak diren eta Europa 2020 Estrategiaren barruan dauden helburuak lortzera bideratutako proiektuen ezarpena bermatzeko. Zortzi lurraldeek adostutako agiriak apustua egiten du, baita ere, CTPtik, bertako kideek eta Pirinioetako eragile garrantzitsuek Europar Batasuneko beste programa batzuetan parte har dezaten sustatzeko.

Presidenteen Adierazpen Komuna hemen irakur dezakezu.