Espainiako eta Frantziako sukaldariak elkartu ziren Jacan irailaren 20an, bertara hurbildu ziren guztiei elikagaien bidezko lankidetzak dakartzan onurak azaltzeko.

250 pertsona inguruk hartu zuten parte ekitaldian. Horrez gain, 70 haurrek sukaldari lana egin ahal izan zuten beraientzat antolatutako sorkuntza tailer batean. Bertan elikadura osasungarriari eusteak duen garrantzia ikasi zuten. Jarduera, Pirinioetako gustuaren eta zaporeen sustapenerako GUSAPIR proiektuaren bazkide diren Sargaren eta Fundagroren lankidetzarekin antolatu da, eta Jacako Udalaren laguntza ere izan du.

Jardunaldian hiru plater prestatu ziren, eta ondoren bertan zeudenei eskaini zitzaizkien. Iruñeko Las Caballerizas jatetxeko Fermín Muñozek eta Pablo Jesus Ororbiak geriza gazpatxoa Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztarekin eta Terueleko urdaiazpiko txirbilekin egin zuten. Lourdeseko sukaldari den Serge Bergeretek eta Bigorreko txerri Beltz haragi ekoizle den Lionel Darnék xerra pintxoa egin zuten Ezpeletako piperrarekin eta Biarnoko Salieseko gatz lorearekin, Bigorreko txerri Beltzaren urdaiazpikoak eta saltxitxoiak lagundurik. Azkenik, Jacako Catering y Eventos del Pirineo jatetxeko Toño Rodríguezek Aragoiko arkume pintxoa prestatu zuen, pikillo piperrarekin eta Frantziako gazta krematsuarekin. Dastatzean Frantziako eta Espainiako ardo aukeraketa ere eskaini zitzaien bertaratuei.

CTPk jardunaldi horretan parte hartzen duen laugarren urtea da, Europar Batasunetik Espainia, Frantzia eta Andorra arteko lankidetza proiektuak bultzatzeko aurrera eramaten den jarduerari lagunduz, eta azken urteetan lortu diren helburuak eta etorkizunerako planteaturiko erronkak ezagutaraziz.