Orain arte Jacako Kongresu Jauregian zeuden Pirinioetako Lan Elkarteko (CTP) Partzuergoaren bulegoak, Jaca bertako Nuestra Señora de la Victoria Etorbidean dagoen Ekologiaren Pirinioetako Institutuaren eraikinera aldatu dira.

Duela hogeita hamar urte baino gehiago sortu zenetik, CTPren Partzuergoaren egoitza Jacan egon da, bertako kide diren lurraldeei dagokienez hiriak duen kokagune estrategikoa eta partzuergoaren eta Udalaren artean betidanik egon diren harreman bikainak direla eta. Kongresu Jauregia partzuergoaren administrazio egoitza izan da urte luzez, baina, gaur egun, IPEaren instalazio modernoak hobeto egokitzen dira erakundearen behar teknologikoetara eta antolakuntzakoetara. CTPren egoitza historikoak, Erlojuaren Dorreak izaten jarraituko du, orain arte bezala, Jacaren bihotzean.

Maiatzaren hasieran, Gilbert Saboya Sunyé jaunak, CTPren presidenteak, Jaca bisitatu zuen, Europako Eguna zela eta, eta partzuergoaren egoitza Aragoiko hiri horretan jarraitzearen alde agertu zen.

Elkarlanerako akordioa
CTPak eta Jacako Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, eta horren bitartez, partzuergoak eta Udalak jarraipena ematen diete duela hogeita hamar urte baino gehiagotik dituzten harreman bikainei. Akordio horri esker, CTPk aholkularitza teknikoa emango dio Udalari, Espainia – Frantzia – Andorra Programa Eragilearen barruko proiektuen garapenean eta aurkezpenean. Ezarritako elkarlanerako esparruaren barruan, Pirinioetako Lan Elkarteak Kongresu Jauregiko eta Udalaren esku dauden beste egoitza batzuetako aretoak eta guneak erabili ahal izango ditu, behar duenean, aretoak eta ekipamenduak erreserbatzeko Udalak duen ohiko prozedurari jarraituz, horren beharra duten ekintza instituzionalak eta lan saioak egin ahal izateko.