Virila proiektuaren xedeak Urruñako musika eskolako organo ikasleen musika prestakuntza hobetzea eta Nafarroako monasterio enblematikoko harmailetako organoa berreraikitzea dira. Jarduera horiek giza harreman beroa ari dira sortzen Pirinioetako bi aldeetako partaideen artean, eta, dirudienez, adiskidetasun eta elkarlan harreman horiek aurrera jarraituko dute proiektua amaitu ondoren ere. Virila FEDER funtsekin finantzatutako proiektua da, POCTEFA programaren bitartez.

Joan den ekainaren 29an Musika Gregoriarreko IV. Jardunaldia ospatu zen, eta bertan, Urruñatik eta inguruetako zenbait herrietatik bertaratutako berrogeita hamar bazkide inguruk hartu zuten parte. Monjeek katu gregoriarrari eta horren interpretazioari buruzko saio bat eskaini zieten bertaratutakoei. Urruñarrek ere kantu gregoriarrean hartu zuten parte monjeekin batera mezan, eta organorako idatzitako zenbait klasiko espainiar entzun ahal izan zituzten.

Kultur trukaketa gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz egin zen, eta jardueren barruan bisita gidatua egin zen Leireko monasteriora eta Nafarroako Antzinako Erregeen Panteoira. Inguruaren edertasun naturalaz gozatzeko denbora ere egon zen.

Agur esan aurretik, partaideek, datorren urtean ospatuko diren bi topaketa berrietarako hitzordua egin zuten. Lehenbizikoa otsailean egingo dute Urruñako eskolako ikasleek, Leireko organoa muntatzeko lanez baliatuz, organoaren egitura aztertu ahal izateko. Bigarren topaketa jende guztiarentzat zabalik egongo da, eta Urruñako irakasleek eta ikasleek organo berriarekin eskainiko duten kontzertua jasoko du.

Eskuak jasoz egindako inkestak argi erakutsi zuen partaideek Leirera itzultzeko zuten interesa, organoa inauguratzeko, eta, zergatik ez, bisita egun batzuez luzatzeko eta Nafarroako natura, musika eta historia ondareak gordetzen dituen bitxiez gozatzeko.

Virila proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko, sakatu hemen.