Proiektua, Espainia-Frantzia-Andorra 2007-2013 Elkarlanerako Programaren proiektuen Deialdiaren lehen fasean onetsi zen, hiru urteko iraupenarekin (2008ko urritik 2011ko abendura) eta 1,6 milioi euro baino zertxobait gehiagoko aurrekontuarekin. Aurrekontu horren %65 FEDER-eko funtsen bitartez dago finantzatuta. Kataluniako Generalitateko Departament d’Ensenyament izenekoa da proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta gainerakoak Akitaniako Lurralde Kontseilua, Midi-Pyrénéetako Lurralde Kontseilua eta Aragoiko Gobernua dira.

INTERREG III A 2000-2006 programaren barruan kudeaturiko proiektuen esperientzian oinarriturik, proiektuaren bazkide instituzionalek elkarlanean jarraitzeko borondatea baieztatu dute, elkarren artean egindako lana kapitalizatzeko eta Pirinioetako lurraldeetako lanbide heziketako sistemen eta dispositiboen elkarlan egonkorreko eremu iraunkorra finkatzeko.

Horrela, PIREFOP-ek koalifikazio profesionalen gardentasuna eta aintzatespena hobetu nahi ditu, lan merkatuan sartzeko eta mugaz gaindiko mugikortasunari laguntzeko faktore gisa, eta, aldi berean, lanbide heziketaren alorreko berrikuntzen eta “savoir-faire” izenekoaren hedapenari laguntzeko, lanbide heziketaren alorrean, lurralde laguntzaileen administrazioen artean. Horrez gain, beraien dispositiboak bateratuko dituzten talde komunak sortu nahi dira, Pirinioetan ekonomia eta prestakuntza espazioa sortzeko helburuz.

Proiektua hiru ardatz osagarritan egituratzen da: informazioa, orientazioa, komunikazioa eta sarean jartzea; koalifikazioen gardentasuna eta korrespondentzia eta, amaitzeko, mugaz gaindiko mugikortasuna.

 

Lehenbiziko emaitzen azterketa

Proiektuaren amaierako mintegian aurkezturiko emaitzak, lanbide heziketa sistemen lan komunaren ondorio dira, aztertzen ari diren lanbide heziketa alorretako koalifikazioen gardentasunerantz eta korrespondentziarantz aurrera egin ahal izateko. Alorrak honako hauek dira: sukaldaritza, energia berriztagarriak, osasuna, kirolak eta automobilgintza. Aldi berean, eta mugikortasunaren sustapenari dagokionez, azpimarratu behar da prestakuntzako 300 egonaldi baino gehiago burutu direla, proiektuarekin bat egiten duten lurraldeetako 250 enpresatan, eta 34 prestakuntza gunek hartu dutela parte.

PIREFOP, elkarlanerako inguruneak eta sareak finkatzeko eta zabaltzeko aukera izan da, lanbide heziketaren alorrean eta Pirinioen testuinguruan, lurraldeetako administrazioen, lurralde desberdinetako prestakuntza zentroen, prestakuntza zentroen eta enpresen artean.