Nazioarteko hitzarmen berezi horren ospakizuna goizean hasi zen, Jakako, Etsauteko, Cette-Eyguneko eta Urdoseko alkateek Somporteko gainean mugak onartu ondoren.

Tradizioak agintzen duenez, frantsesek gaztak eskaini zituzten, eta espainiarrek frutak eta loreak, erkidegoen arteko anaikidetasunaren sinbolo gisa. Jakako Udaletxean Hitzarmena berriztatu zen. Hitzarmen berriaren aktak Espainiako eta Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioetara bidaltzen dira.

Aurten hainbat ekitaldi antolatu dira Hitzarmenaren sinaduraren 500 urteak ospatzeko. Jakako katedraleko plazan ekitaldi hunkigarria ospatu zen. Valléseko (Sabadell) Orkestra Sinfonikoak Pozaren Ereserkia eta Europar Batasuneko Ereserkia interpretatu zituen, eta Jakako zenbait abesbatzek bat egin zuten orkestrarekin.

Historia pixka bat…
Hitzarmenari buruzko lehenbiziko erreferentzia XII. mendekoa da, Aragoiko Alfontso I. erregeak mugako belardiak Somporteko Santa Cristinako erromesen Ospitaleko monjeei eman zizkienean. Garai hartan mundu osoko hiru ospitale garrantzitsuenetako bat zen.

Ondorengo mendeetako gatazka politikoen ondorioz, Frantziako abeltzainei emandako pribilegioak eten egin ziren garai batez, eta XVI. mendera arte itxaron behar izan zen, harremanak pixkanaka normaltzeko.

1513. urtean, Fernando Katolikoa errege zela, Astungo mendateko Hitzarmena sinatu zen, Frantzia aldean Vésiauko Hitzarmena izenez ezagunagoa. Hitzarmen horren bitartez finkatu egin ziren mugaren bi aldeetako erkidegoen arteko elkarlan harremanak eta bi herrialdeen arteko mugak. Hitzarmenaren testua, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga finkatu zuen lehenbiziko akordio handiaren, Pirinioetako Hitzarmenaren (1659) barruan geratu zen.