Mugaz gaindiko elkarlanean oinarritutako egitasmo horretan, eraikin historikoen birgaitzearen alorreko metodologia berritzaileak aplikatuko dira, eraikina zaharberritzeaz gain. Aurrekontu orokorra 1.315.164 eurokoa da, eta %65a FEDER funts europarrekin finantzatzen da, POCTEFAren bitartez. Egitasmoaren buru Nafarroako Eraikuntza Alorreko Lan Fundazioa da, eta Nafarroako Gobernuak eta Akitaniako Eskal Eureka elkarteak ere hartzen dute parte.

Proiektuaren barruan, eta aurretiko pauso gisa, ondarearen parte diren eraikinen birgaitze eta mantentze lanetako eraikuntza prozesuak sistematizatzeko aukera emango duen lan metodologia berriaren garapena sartzen da, kudeaketa metodologia berrien, eraikuntza material berrien eta obran jartzeko tekniken bitartez, eta prestakuntza sistema pedagogiko berezia erabiliz. Metodologia hori esperientzia pilotu gisa gauzatuko da Goñi Etxearen birgaitze lanetan. XVIII. mendeko eraikin barroko horren jabea Nafarroako Foru Erkidegoa da, eta Nafarroako Monumentuen Katalogoan jasotzen da.

Goñi Etxearen birgaitze lanak iazko azaroan hasi ziren, eta aurreikuspenen arabera 2013ko ekainean amaituko dira. Lan horietan, aurretik, lan honetarako berariaz diseinaturiko irakaskuntza plan baten bitartez, Nafarroako Eraikuntza Alorreko Lan Fundazioan prestakuntza jaso duten Nafarroako eta Akitaniako ikasleek hartuko dute parte. Lanak amaitzean emaitzak eta kostuak baloratzeko fasea hasiko da, eta bertan ikusiko da aurrera eramandako metodologia jasangarria den ala ez eta, ondorioz, beste eraikin batzuk berriztatzeko lanetan ere erabili daitekeen ala ez.

INFOMAT proiektua