François Hollandek, Frantziako Errepublikako Presidenteak, Asanblada Nazionalean eta Senatuan harturiko legea sinatu zuen uztailaren 27an, 1995eko Baionako Hitzarmenaren aldaketa berresten duena, Andorrako Printzerriak hitzarmen horrekin bat egin dezan. Berrespen horrek, jada Espainiako eta Andorrako estatuek egindakoak osatzen ditu, eta, ondorioz, Hitzarmen osoa indarrean sartuko da. Lurralde taldeen arteko mugaz gaindiko elkarlanari buruzko Hitzarmenaren aldaketaren bitartez, Andorra era ofizialean sartu ahal izango da Pirinioetako Lan Elkartearen Partzuergoan.
Horretarako, Andorrak beharrezko neurriak hartu ditu jada, besteak beste, joan den urrian Mugaz gaindiko elkarlanerako Andorrako erakundearen eraketa, Estatua CTParen Partzuergoan sartzeko izango duen tresna, hain zuzen ere. Eraketa ekitaldian Gilbert Saboyak, Andorrako Atzerri Ministroak adierazi zuenez, orain arte zenbait erakunde autonomo zeuden CTPan, eta orain Andorrak bere toki instituzionala aurkitu ahal izango du Partzuergoan. Hori guztia are garrantzitsuagoa da CTParen txandakako presidentzia kontuan izanik, izan ere, Andorrak hartuko baitu bere gain datorren 2013-2014 epealdian. Horretarako, Saboya ministroak adierazi du “intereseko eremu jakin batzuetan zenbait proiektu garatzen hasteko asmoa dute, horrela mugaz gaindiko mailan esfortzuak biltzeko”.