Europako Lankidetzaren Eguna mugaz haraindiko lankidetza proiektuekin egiten dugun lana ikusgai bihurtzeko aukera aproposa da. Aurten, 2012ko irailaren 21ean, lehen aldiz, 40 herrialdek hartu dute parte ospakizunean, mugaz haraindiko komunitateen arteko lankidetza goraipatzeko bideratutako ekintzetan. POCTEFAko kideek ere ekimenarekin bat egin nahi izan dugu. Horregatik, jarduera publikoak antolatu ditugu Iruñean, Nafarroako eskualdeari dagokiolako CTParen txandakako presidentetza -–eta, ondorioz, POCTEFA programaren kudeaketaren ardura–.
Hilaren 19an, goizez, POCTEFAko proiektuetako zenbait kidek domino-fitxak margotu zituzten ekimena abiarazteko egindako tailerrean. Irudimena lanean jarri zutenen artean, ondoko egitasmoetako ordezkariak: CRANA, TESS, Yelmo eta Zirkoko Pirinioak. Arratsalde partean, Nuevo Futuroko gazteek, Lazos-Liens-Loturak proiektuan dihardutenek, mugaz daukaten ikuspegia erakutsi ziguten.
Hurrengo egunean, 20an, "Muga, elkarlanerako gunea" arte lehiaketako sari-banaketa egin zen, eta horren inguruan antolatu ziren jarduerak. Lehen saria Amaia Graciak eskuratu zuen, "Pirenaico expandido" lanagatik. Hauen eskutik jaso zuen: Javier Manzanos, Huarte Zentroko zuzendari eta epaimahaiko kide nafarra, eta Alfons Valdés, pintorea, arkitektoa eta epaimahaiko kide andorratarra. Tokiko hainbat artistek ere kalitate artistiko handiko domino-fitxak margotu zituzten.
Ospakizunaren amaierako ekitaldia Europako Lankidetzaren Egun berean egin zen, irailaren 21ean. Ekitaldiekin hasteko, mugaz haraindiko ordezkaritza batek prentsa-aurrekoa eman zuen. Bertan hitz egin zutenak, Cristina Arcaya, CTPko idazkari nagusia, Michel Pérez, Midi-Pyrénées eskualdeko kontseilaria, eta Pere Roquet, Mugaz gaindiko Elkarlanerako Andorrako Erakundearen idazkari nagusia. Ordezkari horiexek, Juan Luis Sánchez de Muniáin Nafarroako presidenteordeak lagunduta, Gaztelu plazan jarritako lehenengo domino-fitxa bultzatu zuten, domino efektua eragiteko eta fitxen erortzearekin "mugen erorketa" irudikatzeko.
Jarduera horien guztien helburua herritarrei mugaz haraindiko lankidetzaren berri ematea da, eta lankidetza horrek duen garrantzia nabarmentzea, hala euren bizi-kalitatean nola lurraldearen garapenean.
Ospakizunaren bideoak eta argazkiak ikusgai dituzue hemen.