Aldaketa Klimatikorako Pirinioetako Behatokiak (OPCC) koordinatzaile berria du abendutik, Elisa Vargas Amelin Ingurumen alorreko espezialista. Lanpostu berriak, Pirinioetako Lan Elkarteak OPCCaren ekintzei eta egitasmoei POCTEFA 2007-2013tik aurrera jarraipena emateko erakutsi duen nahiari erantzuten dio.

CTPren azken osoko bilkuran, Partzuergoa osatzen duten zortzi lurraldeetako ordezkariek konpromisoa erakutsi zuten 2010ean CTP beraren barruan martxan jarri zen Behatoki horretara esfortzuak eta baliabideak bideratzeko. Lau urtetan Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko lankidetzaren erreferente bilakatu da.

Elisa Vargas Amelin Minnesotako Unibertsitatean (EE.BB) graduatu zen Ingurumen Kudeaketan eta Baliabideen Kontserbazioan, eta Nazioarteko Ekonomia Politikoko Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu zuen UNEDen. 2003tik ingurumen aholkularitzaren alorrean aritu izan da lanean Espainian batez ere, baina nazioarteko erakundeetarako eta Europar Batzordeko aditu gisa ere aritu izan da. Zenbait alorretan aritu da lanean, plangintza hidrologikoan, nazioarteko proiektuetan (Europan, Latinoamerikan eta Mediterraneo inguruan, batez ere) eta ingurumenari buruzko Europa mailako zenbait politiketan eta estrategietan, ur eskasia eta lehorteak, klimaren aldaketa, uholdeak eta nekazaritza, besteak beste.

OPCCren arduradun berriak ilusioz ekin dio erronka profesional berriari, Behatokiak aurrera daraman lanaren garrantziaz konbentziturik: “Oso pozik nago Aldaketa Klimatikorako Pirinioetako Behatokia koordinatzeko erronka berriarekin eta Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko harremanetan parte hartze aktiboa izatearekin”.