2012, gogoeta urtea, CTPa sortu zenetik 30 urte bete diren urtea. Pirinioetako Lan Elkartearen ekarpena baloratu ahal izan da, mugaz gaindiko integrazioa indartzera, trukaketak sustatzera, arazo komunak identifikatzera eta denen arteko konponbideak bilatzera zuzenduriko ekintzak bultzatzen dituen erakunde gisa. Gaur egun, muga, oztopo gisa ulertua, iraganeko zerbait baino ez da, eta krisi egoera honetan elkarren artean aritzea inoiz baino beharrezkoagoa da.
2012, jarduketa urtea, Mugaz gaindiko Elkarlanerako Andorrako Erakundeak Pirinioetako Lan Elkarteko Partzuergoarekin bat egitearekin (informazio gehiago hemen) eta Partzuergoaren Estatutuen aldaketarekin; Kulturpyren, CTPko lurralde osoko kultur datu basearen, eraketarekin; Klimaren Aldaketarako Pirinioetako Behatokiaren aurrerapenak; mugaz gaindiko mugikortasunari buruzko Piremobv egitasmoaren bultzada; Ikerketa deialdia, Ulysses… dira CTPk 2012an aurrera eramandako ekintzetako batzuk.
CTPak, POCTEFAren kudeaketarako agintari gisa betetzen duen lanean, 2012an programak normaltasuna berreskuratu duela azpimarratu behar da, 2011. urtearen amaieran ordainketa epearen etena baliogabetu eta gero. Gaur egun, programak bere ohiko bilakaera berreskuratu du, eta proiektuek ordainketak jaso dituzte berriro ere. Ez dugu ahaztu behar POCTEFAren bigarren deialdiaren arrakasta. 38 proiekturen programazioaren bitartez, lurraldean FEDEReko 30 milioi euro sartu ahal izan dira.

2013rako erronkak
CTPri dagokionez, argi eta garbi dago elkarlanaren bidetik jarraituz indartsuagoak garela. Egoera ekonomikoak eragin handia du lurralde guztietan, eta elkarlana alternatiba bat da, eta lurralde guztiek alternatiba horren aldeko apustua egin dute, CTPren bitartez.
Datorren urterako erronkak oso garrantzitsuak dira. Alderdi askotan, 2013. urtea oso urte garrantzitsua izango da CTPrentzat.
Horrela, 2013an, CTPk duen helburuetako bat batzordeen lana finkatzea eta arrazionalizatzea da, bere lanak are eta oihartzun handiagoa izan dezan lurraldean eta gure lurraldeetako aktoreen arteko elkarlanean. Klimaren Aldaketarako Pirinioetako Behatokiaren proiektuaren esparruan, momentuz, denbora muga 2013ko abenduaren 31 bitartekoa da. CTPrentzat, epe luzeagoko jarduketa ardatza da, eta epe laburrean, ertainean eta luzean jarraipena emateko lan egingo du, gai horrek horrela eskatzen du eta. Horrela, behar ditugun elementu guztiak ditugunerako, estrategia komunak ezarri ahal izango ditugu, ekonomiak klimaren aldaketaren erronketara egokitu daitezen.
Baina, inolako zalantzarik gabe, CTPk 2013rako duen erronka nagusia, hurrengo Espainia-Frantzia-Andorra 2014-2020 lurralde elkarlanerako programako kudeaketa agintaritza izatea da. Lorpen handia da CTP bezalako erakunde batek lurralde elkarlanerako programa europarra kudeatzea. Ez dugu ahaztu behar esperientzia bakarra dela Europan, eta gehiago garatzeko aukera izan nahi dugu. Badakigu oso garrantzitsua dela, eta ezinbestekoa dela Europak markatzen dituen koordenatuekin bat etorriko den eta funts europarren administrazio egokia bermatuko duen kudeaketa ziurtatu behar dela. Programazio epealdi berriaren (2014-2020) behin betiko araudien eskakizunak oso kontuan izanik, lanean jarraituko dugu, Europar Batzordeak berriro ere CTP kudeaketa agintaritza izenda dezan.

2012an mugak eraitsi ditugu. 2013an lanean jarraituko dugu, muga horien aztarnarik ere gera ez dadin.
CTPko talde osoak jai zoriontsuak eta 2013. urterako desiorik hoberenak opa dizkizue.