Horrela, “2011 – Pirinioetako urtea” egitasmoaren inguruan elkarturik, CTP-ko lurralde guztiek Pirinioen irudiaren eta izen onaren garapenean hartu dute parte. Lehen aldiz, Frantziako, Espainiako eta Andorrako turismo profesionalak elkarrekin aritu izan dira lanean, Pirinioen onerako. Ekimen horrek lurralde bizia eta dinamikoa erakutsi digu, egitasmo horretan parte hartu izan duten 400 ekitaldien bitartez, batez ere. Aukera honetaz baliatuz, banan-banan eman nahi dizkiet eskerrak guztiei, beraien lanari esker, Pirinioen Urteak kalitatezko programazioa izan du eta.

2011. urtea funtsezko urtea izan da, baita ere, Klimaren Aldaketari buruzko Pirinioetako Behatokirako. Behatokiak bere abiadura hartu du, web gunearen sorrerari eta egokitzapenari buruzko azterlanari esker. Behatokia jarduketarako ardatz estrategikoa da CTP-rako, une honetan klimaren aldaketa Pirinioetan ere behatzeko aukera ematen baitigu. Errealitate hori dela eta, beharrezkoa da klimaren aldaketaren ondorioei aurrea hartzea, une honetatik bertatik lurraldeak egokitzeko estrategiak prestatuz, ekonomiaren sektore eta espazio natural kaltetuenentzat, batez ere. Klimaren Aldaketari buruzko Pirinioetako Behatokiari esker, CTP-ak, klimaren aldaketaren ondorioek eskatuko dituzten egokitzapenei aurre egin ahal izateko erabaki politikoak hartzeko orduan oso lagungarria izango den tresna ematen die bertako lurraldeei.

Hainbat adibidek erakusten dutenez, CTP-aren bitartez elkarlanean arituz gero, lurraldea, orokorrean, indartsuago bilakatzen da, eta etorkizunerako hobeto prestatzen da.

Elkarlan hori egunero bizitzen da, Europako lurraldeen arteko elkarlanerako POCTEFA programaren bitartez. Programa horren kudeaketa CTP-k burutzen du. Horri dagokionez, 2011. urtea oso urte zaila izan da, gaur egun, ordainketak 2011ko lehen hiruhilekoan egiteko aukera ematen duen kontrol eta ziurtatze sistemaren berrikuspena dela eta. 2011. urtean, proiektu deialdi berria ere jarri da martxan, eta horrek, 2012. urtearen hasierarako proiektu berriak programatzeko aukera emango du. Beste alde batetik, 2011. urtea, hurrengo 2014-2020 programa europar garairako prestakuntzak hasiko diren urtea ere bada. Europar Batzordeak zenbait testu proposamen egin ditu, Europako kohesio politika izango denerako eta Europan indarrean egongo den arautegirako. Prestakuntza horiek izango dira gure helburu eta jarduketa ardatz nagusiak datozen 2 urteetan.

Une honetan, CTP-ren lehentasunetako bat, 2014-2020 epealdirako lurraldeen arteko elkarlanerako funts europarrak kudeatzeko kandidatura prestatzea da, hain zuzen ere. Mugaz gaindiko kudeaketa integratuan duen pare gabeko esperientzian eta Europako lurralde mailako integrazioa indartzeari dagokionez erakutsi duen berrikuntzan oinarrituz, urriaren 28an Frantziako Tolosan burutu zen Osoko Kontseiluan, CTP-k Europar Batzordeari eta bertako kide diren Estatuei iragarri zien, unea heltzen denean, 2014-2020 epealdirako lurraldeen arteko elkarlanerako funts europarrak kudeatzeko kandidatura aurkeztuko duela, eta, helburu horrekin ari gara jadanik prestatzen, sortuko diren programei begira.

 

Zein izan daiteke CTP-k ordezkatzen duen lurralde multzoa baino hobea lurraldearen osotasunean inplikatzeko? 2012an, CTP-k bere 30. urteurrena ospatuko du. 30 urteko esperientzia lurraldearen alde elkarlanean. 30 urte elkarlanean, muga topaleku eta trukagune bilakatzeko, helburu bakarrarekin: muga inguru guztiaren garapen etengabea eta iraunkorra. 2012. urtea, Andorra CTP-ren Partzuergoan sartuko den urtea ere izango da, bere elkarlanerako erakundearen OACT-en (Mugaz gaindiko Elkarlanerako Andorrako Erakundea) bitartez. Espainiako eta Frantziako estatuek emandako benetako aintzatespena da, hasieratik CTP-ko eskubide osoko kide den herrialde horren Europa mailako testuinguruan.

CTP-k, Europan parekorik ez duen lurraldearen aintzatespenaren eta garapenaren alde egiten du lan. Bere aberastasun naturalak errespetatzen dituen lurraldea, bere ingurunea babesteko gai den tokiko ekonomia berdea bultzatzen duena, aberastasun horietan oinarrituz, bere biztanleen ondoan dagoena, muga guztian zehar ageri diren kalitatezko produktuekin. Elkarlanerako bide horretan jarraituz, indartsuago izango gara. Krisialdiak markatzen duen gure eguneroko jardunean, elkarlana alternatiba bat da, eta CTP-k horren aldeko apustua egin nahi du. Eta gurekin apustu egiteko gonbidapena luzatu nahi dizuet.

 

CTP-ko talde guztiak jai zoriontsuak eta 2012. urterako hoberena opa dizkizue.

Xavier Bernard Sans, zuzendaria, eta CTP-ko talde osoa