Pasa den irailaren 24an TRANSFERMUGA proiektuaren berri eman zen Hendaian. Herri mugakidea izateaz gain, Akitania-Euskadi Euro-lurraldearen egoitza ere bada Hendaia. Ekimen horren bitartez, mugaz haraindiko eta honaindiko mugikortasuna aztertu nahi da, Donostia eta Baiona trenez lotzeko egitasmoa bultzatze aldera.

Proiektuak % 65eko diru-laguntza jaso du FEDER funtsen bitartez, POCTEFA programari esker, eta herri mugakideen mugikortasun premiak zehaztea eta trenak premia horiei nola erantzungo liekeen argitzea du xede. Izan ere, POCTEFAren 3. helburua garraioa da. Horrexegatik, kasu honetan, mugikortasun iraunkorra sustatzearen alde egiten du, gutxiago kutsatzen duten garraio bideek ibilgailu pribatuen lekua har dezaten.
Hari horri tiraka, lurraldeko bi gobernuek –proiektuko kideak–, funtsezkotzat jotzen dute bi lurraldeen arteko trenbide lotura hobetzea; ez bakarrik baliabide tekniko aurreratuekin sortutako sareen bitartez, baizik eta eguneroko joan-etorriak neurrizko prezioetan eskainiko dituzten aldirietako zerbitzuen bidez ere.
Lurraldeko gobernuek Akitania-Euskadi euroeskualdea (TRANSFERMUGA proiektuaren talde-burua) sortu dute, hain zuzen ere, mugako bi aldeetan elkarlanean aritzeko ahalegin guztiak bat egiteko. Gobernuotako ordezkarien hitzetan, mugaz gaindiko elkarlana sustatuz baino ez baitugu lortuko mugaren bi aldeetan bizi diren herritarren zenbait arazori konponbidea ematea.