Gizarte eta Elkartasun ekonomiako mugaz gaindiko TESS Sareak, Gizarte Ekonomiako familiak bildu ditu otsailaren 1ean, asteazkenean, Donostiako Kursaal Jauregian, Euskadin ospatzen den ezaugarri horietako lehen jardunaldian.
Topaketaren amaiera ekitaldiaren buru Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburu Gemma Zabaleta izan da (ikusi bideoa), eta bertan, kudeaketa eredu horren garrantzia azpimarratu da, krisialdiari aurre egiteko eta ekonomiak gure gizartean bete behar duen tokia berraztertzeko era positibo gisa. Ekitaldiaren amaieraz arduratu den Sailburuak, Gizarte Ekonomia kudeaketa era arduratsua dela azpimarratu du, “eta horrek erakutsi du arrazionaltasun ekonomikoa eta gizarte aurrerapena ez direla bateraezinak”.

Jardunaldia, TESS-eko kide den Kooperatiba Konfederazioak, Konfekoop-ek, antolatu du, Nafarroako Lan Enpresen Elkartearekin, ANEL, eta Chambre Régionale de l’Économie Sociale et Solidaire d’Aquitaine, CRESS Aquitaine, izenekoarekin batera. TESS-eko kide diren hiru erakundeetako ordezkariek inauguratu dute. Lehenbizi, Luis María Gallok, ANEL-eko presidenteak, topaketa horren garrantzia azpimarratu du “elkarren arteko ezagutza eta sinergia dinamikak martxan jartzeko”, eta azaldu duenez, elkarlana “funtsezkoa” da, enpresen tamaina kontuan izanik. “Lehiakorrak eta eraginkorrak izatea, eskuzabalak eta partaideak izatea baztertu gabe, enplegua sortzeko helburuz”. Jardunaldian zehar, lehentasuna pertsonei, eta ez kapitalari, eman beharra azpimarratu da, garapen jasangarriaren eta interés orokorraren aldeko helburuak lortu ahal izateko. Gizarte Ekonomiak enplegu egonkorrak eta kalitatezkoak sortzen dituela erakusten duten zenbait zifra azaldu dira. Euskadin, enpleguaren %8,9koa da, Nafarroan %3,6 eta Pirinio Atlantiarretan (Frantzia), %9,8. 2010ean, Euskadin 80.696 pertsona ari ziren Gizarte Ekonomiako enpresetan lanean, hau da, 2009an baino %1,2 gutxiago. Euskadiko Autonomia Erkidegoko langile kopuru osoari dagokionez, %4,9 gutxiago ziren.

Gizarte eta Elkartasun Ekonomiarako Mugaz gaindiko Sarea, TESS Egitasmoa izenekoa, elkarlanerako ekimena da, eta bere helburua, Gizarte Ekonomiak Akitaniako, Nafarroako eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko mugaz gaindiko lurraldearen gizarte eta ekonomia garapenean duen tokia indartzea da.
Sarea hiru kideren eskutik sortzen da: egitasmoaren buru den ANEL (Nafarroako Lan Enpresen Elkartea), Euskadiko Kooperatiba Konfederazioa, KONFEKOOP; eta CRESS Aquitaine, Chambre Régionale de l´Économie sociale et solidaire d´Aquitaine. Egitasmo horren %65 FEDER funtsek finantzatzen dute, Espainia-Frantzia-Andorra 2007-2013 Lurralde Elkarlanerako Programaren bitartez. Helburuak honako hauek dira:
• Gizarte Ekonomiak, Akitaniak, Nafarroak eta Euskadiko Autonomia Erkidegoak osatzen duten mugaz gaindiko lurraldearen gizarte eta ekonomia garapenean betetze duen tokia handitzea.
• Mugaz gaindiko lurraldeetako Gizarte Ekonomiako erakundeen arteko etengabeko lan dinamika martxan jartzea.
• Gizarte Ekonomiak mugaz gaindiko lurraldean duen tokia handitzea.
• Gizarte Ekonomia sustatzea, lan munduan sartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko mekanismo eraginkor gisa.

Jardunaldiari amaiera emateko adierazpen bat irakurri da. Bertan, Euskadiko Gizarte Ekonomia erakundeek, lanpostuak sortzeko eta dauden lanpostuei eusteko konpromisoa erakutsi dute, krisialdi ekonomikoa gainditzeko beste ekonomia batzuen aurrean. (ikusi bideoa)