Refbio, Pirinioetako Ikerketa Biomedikurako Mugaz Gaindiko Sarea, mugaz gaindiko lankidetzaren jardunbide onaren eredu gisa aurkeztu zen Bruselan, Hirien eta lurraldeen XIII. Aste Europarraren barruan. Proiektua POCTEFA 2007-2013 programaren bitartez finantzatu zen, eta une honetan bere bigarren fasea prestatzen ari da

Marisol Fragoso proiektuaren buru den Navarrabiomed erakundeko kudeaketa zuzendariak, “Osasun arloko berrikuntzaren gero eta eragin handiagoa lurralde mailako ekonomiatan” gaiari buruzko tailerrean hartu zuen parte eta bertan, Europar Batzordeko ordezkarien eta osasun alorreko Europa mailako beste ekimen batzuen arduradunen aurrean, Refbiok lehen urteetan lortu dituen arrakastak eta emaitzak azaldu zituen. Sareak 18 ikerketa proiektu jarri ditu martxan, eta horietan 2.000 ikerlarik hartu dute parte.

Halaber, POCTEFA 2014-2020 deialdietara aurkeztuko duten proiektuaren bigarren fasean erakundeak eta bere bazkideek landuko dituzten zenbait berrikuntza eta erronka aurreratu zituen Fragosok. Proiektuari jarraipena ematean, berau osatzen duten erakundeek lankidetza indartu nahi dute, I+G berrikuntza eta emaitzen transferentzia eta ustiapena enpresetara eta clusterretara bideratuz.

Navarrabiomed Miguel Servet Fundazioa buru den sarea 2012an sortu zen, eta Espainiako eta Frantziako zenbait erakunde biltzen ditu. Refbio ikerketa biomedikuko zentroen arteko lankidetza sarea ezartzeko eratu zen, Pirinioetako eremuan osasunerako garrantzitsuak diren alorretan. Beste helburuetako bat Europa mailan lehiakorrak izango diren ikerketa proiektuak bultzatzea da, ospitaleen, ikerketa zentroen eta unibertsitateen arteko erlazioa eta lotespena hobetzen lagunduz.

Ezagutu itzazu hemen Refbiori buruzko xehetasun guztiak.