Joan den ekainaren 14an Innov Mugabe proiektuaren amaierako mintegia burutu zen Irunen. Bidasoaren bi aldeetan dauden euskal udalerrietako enpresen arteko mugaz gaindiko elkarlanerako proiektua da. Amaierako mintegiak, proiektuaren amaiera baino gehiago, bere jarraipena ospatzen du.

Innov Mugabe proiektuaren helburua mugaz gaindiko gune horretako enpresen lehiakortasuna hobetzea eta merkatu berriak lortzen laguntzea zen. Lurraldeari eta bertako enpresei buruzko informazioa jasotzen duen interneteko plataforma sortzeko, industriguneetan enpresen prospekzio ekintzak egiteko, elkarlanerako proiektu potentzialak identifikatzeko eta transferentzia teknologikoko elkarlanerako proiektu berritzaileak bultzatzeko aukera eskaini du. Horrez gain, enpresen arteko loturak ezartzeko aukera ere eman du, Bidasoako – Ipar Euskal Herriko Hegoaldeko mugaz gaindiko enpresen elkarlanaren bitartez.

Innov Mugabe proiektu amaierako mintegia, proiektu horrekin aurrera jarraitzeko borondatea baieztatzeko aukera izan zen. “Innov Mugabe prospektiba jardunaldia. Mugaz gaindiko harreman ekonomikoak eraikiz” izenburua izan zuen mintegiak argi utzi du proiektuari jarraipena emateko eta haren finkapenean aurrera egiteko interesa.

Konpromisoa, Bidasoa Activa garapen agentziaren eta Agglomération Sud Pays Basque izenekoaren arteko protokoloaren sinadurarekin gauzatu zen. Etapa berri horrek garraioaren, ingurumenaren eta turismoaren sektoreak sartu nahi ditu bere jarduketa eremuen artean.

Innov Mugabe FEDER funtsekin finantzatu da, POCTEFAren bitartez. Guztira 141.000 biztanle dituzten 14 udalerri biltzen ditu, eta 15.000 enpresa inguruk osatutako industria sarea du.

Proiektu horri buruzko informazio gehiago jasotzeko, sakatu hemen.