Euromontana-k, mendi-inguruneen Europako elkarteak, basoetako mugikortasunaren eta mendi-sareen antolaketaren jardunbide egokien inguruko txostena argitaratu du. Agiri horretan, POCTEFAk martxan jarritako bi proiektu aipatzen dira: MOVAFOREST eta UNCI’PLUS.

Txostena Euromontanaren webgunean eskuratu daiteke. Hona hemen agiriaren izenburua: « la mobilisation du bois et l’organisation des filières en montagne – Exemples de bonnes pratiques européennes » (Basoetako mugikortasuna eta mendi-sareen antolaketa – Jardunbide egokien ereduak Europan). Horrezaz gain, POCTEFA MOVAFOREST eta UNCI’PLUS proiektuei buruzko berariazko txosten bat ere badago eskuragarri.
Txostenean esaten denaren arabera, POCTEFAren bi proiektuen arrakastaren atzean egitasmoak martxan jarri dituen sarea bera dago. Proiektuaz zuzenean arduratzen ziren kideek ez ezik, beste hainbat eragilek ere parte hartu dutelako: hala nola ordezkari politikoak, basoetako jabeak, erakunde eta administrazioak, eta baso sareetako eragileak. Gainera, POCTEFA eta FORESPIRen sareek aukera ezin hobea eskaintzen dute egitasmoen emaitzak ezagutarazteko eta lau haizetara zabaltzeko.
Ikerketa horren asmoa zera izan da, mendietako basogintzako sektorearen garapen jasangarrian aurrerapauso nabarmenak ematen ari diren ekimenen eta enpresen lana ikusgai egitea, eta mendi-inguruneetako basoen sarea garatzeko jarraibide politikoak eratzea. Txostenean hamaika proiektu eredugarri identifikatu eta aurkeztu dira, Europako mendi-inguruneetan basoen mugikortasuna eta egoera orokorra hobetzen dituzten egitasmoak, denak ere. Ikerketaren emaitzak eman aurretik, mendiko basogintzaren testuingurua gainetik azaltzen da, aurrekari gisa. Horrela, bada, jardunbide egokien hamaika kasu eredugarri horiek arrakasta zergatik izan duten aztertzeak eta proiektuok zein esparrutan garatu diren aztertzeak zenbait ondorio ateratzeko eta gomendio biltzeko aukera ematen du; zertarako eta mendietako basogintza ustiapen handiagoa egiteko eta mendi-inguruneetako basoak eraldatuko dituzten sareak ezartzeko, ekoizpen-lurraldeei balio erantsia emateko bide.