Azterlanak, Pirinioetako lurraldeak klimaren aldaketaren aurrean dituen zaurgarritasunak aztertzeko eta Pirinioetan eta beste mendi gune batzuetan aurrera eramandako egokitzapen ekimenak ezagutzeko aukera ematen du. Pirinioetako aktoreei bideratutako gidak laburbilduta jasotzen ditu ikertutako sektore bakoitzerako gomendioak.

Joan den 2013ko maiatzaren 28an, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia(OPCC), Pirinioetan aldaketa klimatikora egokitzeko Azterlana aurkeztu zuen Frantziako Tolosan. Azterlan hori bat dator duela denbora gutxi Europar Batzordeak argitaratu duen Aldaketa Klimatikora egokitzeko Estrategia Europarrarekin, eta gai horri buruzko ikuspegi berria ematen du, gizartea klimaren testuinguru berrira egokitzea azpimarratuz. Azterlana Midi-Pyrénées lurraldeak agindu du, POCTEFA OPCC proiektuaren barruan, eta Pirinioetako Lan Elkartearen (CTP) laguntza izan du.

Azterlanaren aurkezpenerako mintegian Jean-Louis Etiennek, OPCCko Kontseilu Zientifikoko Presidenteak, hartu zuen parte. Jean-Louis Etienneren iritziz, berokuntza orokorra “Lurraren gaixotasun kronikoa” bilakatu da, eta “epe luzeko neurriak” behar ditu. Eta sendagile eta esploratzaile frantsesaren ustez, OPCCari esker, Pirinioek abantaila dute mendiko beste gune batzuekin alderatuz, lurralde arteko eta mugaz gaindiko lankidetzarako tresna duelako, horrek gaia era integralean lantzeko aukera ematen diolako, klimaren aldaketaren eragin kaltegarriak murrizten lagunduz eta Pirinioak nazioarte mailan ezagunago eginez.

Gai horri buruzko informazio gehiago lortzeko eta mintegiko aurkezpenak jaisteko, kontsulta ezazu OPCCren web gunea.

Hurrengo hitzordua: 2013ko azaroaren 6an OPCCk klimaren aldaketa mendi guneetan gaiari buruzko Solasaldia antolatu du Iruñean. Denbora gutxi barru horri buruzko informazio guztia aurkituko duzue OPCCren web gunean.


Jean-Louis Etienne. Argazkia: OPCC                                                                         Tolosako Mintegia. Argazkia: OPCC