Pirinioetako Lan Elkartea osatzen duten zazpi lurraldeek, Presidenteen Adierazpen Komunean gauzatu den mugaz gaindiko lankidetzaren aldeko apustua eszenaratu zuten.
Pirinioetako Lan Elkarteko Partzuergoa (CTP) osatzen duten zazpi lurraldeetako ordezkariak azaroaren 10ean elkartu ziren Bordelen, CTPren XXXIV. Osoko Kontseiluan. Ekitaldi horretan Presidenteen Adierazpen Bateratua sinatu zuten; dokumentu horren bitartez Pirinioetako lurraldeak dituen zailtasunak gainditzeko eta arriskuak murrizteko elkarlanean aritzeko, bertako aberastasun naturala eta kulturala babesteko, eta mugaz gaindiko guneak duen potentzial ekonomikoa aurrera eramateko konpromisoa erakusten dute.

Topaketan, Alain Rousset Pirinioetako Lan Elkarteko presidente eta Nouvelle-Aquitaineko Lurralde Kontseiluko Presidentea; Pere Roquet, Andorrako Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Erakundeko (OACT) idazkari nagusia; Jose Luis Soro Aragoiko Lurralde Antolakuntza Kontseilaria; Albert Castellanos Kataluniako Generalitateko Ekonomiaren Sustapen, Leihakortasun eta Erregularizaziorako idazkari nagusia; Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusia; Guillaume Cros Occitanie/Pyrénées-Méditerranée Lurralde Kontseiluko presidenteorde eta Europako Gaietako ordezkaria; eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea egon dira.

Bertaratutakoek, lurraldeen arteko lankidetzak Europarako duen garrantzia azpimarratu zuten. Lurraldeen arteko lankidetzak “oso ongi azaltzen du zer garen Europan eta zein Europa nahi dugun”, adierazi zuen Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. Ildo berean, Marian Elorza Euskadiko ordezkariak, “mugaz gaindiko lankidetza Europako eraikuntzaren adibide hoberena dela” adierazi zuen.

Halaber, CTPren Osoko Kontseiluan, Pirinioetako Lan Elkartearen estrategiari buruzko gogoeta ere egin da, eta gogoeta horren xedea erakundeak datozen urteetan jarraituko duen ibilbide orria bilakatzea izango da. “CTPren estrategiak lurralde kohesioa indartuko du”, adierazi zuen José Luis Soro Aragoiko ordezkariak. Guillaume Cros Occitanie/Pyrénées-Méditerranéeko presidenteordeak, bere aldetik, “estrategiak lurralde mailako estrategiekin koherentea izan behar duela” azpimarratu zuen.

Klimaren aldaketari, CTPrentzat oinarrizkoa den beste gaietako bati, dagokionez, “Pirinioak klimaren aldaketaren ondorioak aztertzeko eta nola egokitu behar garen jakiteko laborategi egokia direla” esan zuen Pere Roquet Andorrako ordezkariak. Horrela, lurraldeetako ordezkarien esku-hartzearen aurretik, CTPren eskutik sortutako Aldaketa Klimatikoaren Pirinioetako Behatokia (OPCC) aurkeztu zen.

Hizkuntz politika izan zen lurraldeetako ordezkariek parte hartu zuten mahai inguruan gehien aipatu zen alderdietako bat, Kataluniako eta Euskadiko ordezkarien aldetik, batez ere. “Hizkuntz politikak katalana erabiltzeko aukera ematen die herritar guztiei”, adierazi zuen Albert Castellanos Kataluniako ordezkariak.

Zazpi lurraldeetako ordezkariek Pirinioetako Lan Elkartearekin duten konpromisoa berretsi zuten ekitaldi honetan. Duela hiru hamarkada baino gehiago martxan jarri zen proiektu komun hori lehen mailako eragile bilakatu da Europa mailako mugaz gaindiko lankidetzaren alorrean. Horrela, CTP, Mugaz gaindiko lankidetzarako Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programa europarraren Kudeaketa Agintaritza da. Horrez gain, Nouvelle-Aquitaine lurraldeak, 2017ra arte beteko duen presidentziako lehenbiziko urtearen balantzea ere egin du.

Pirinioetako Lan Elkartea, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programa europarraren Kudeaketa Agintaritza da, POCTEFA 2007-2013 programarekin izan zen bezala. 2016ko urte honetan 58 proiektu onetsi dira Lurralde Garapenerako Fondo Europarraren (FEDER) 71,2 milioi euro dituen proiektuen 1. deialdian. Proiektuen 2. deialdia, azaroaren 10ean egin zen mintegiaren bitartez aurkeztu zen.