Azaroaren 6an CTPren XXXII. Osoko Kontseilua egin zen Andorran. Zortzi lurraldeek ekonomia eta gizarte alorretako beraien eragileen arteko lankidetza bultzatuko dute, bertako biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko.
Pirinioetako Lan Elkarteak XXXII. Osoko Kontseilua egin zuen aurreko ostegunean. Zortzi lurraldeetako ordezkari politikoak eta lankidetza proiektuetan inplikatuta dauden lurralde horietako eragileak elkartu ziren Andorran.

Muga osatzen duten zortzi lurraldeek (Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Languedoc-Roussillon, Midi-Pyrénées, Akitania eta Andorrako Printzerria) konpromisoa hartu zuten, bertaratutako 200 pertsona baino gehiagoren aurrean, lurraldeen arteko lankidetza indartzeko eta Pirinioetako muga “topaleku” bilakatzeko, Marc Carballido, Midi-Pyrénées lurraldeko presidenteordeak, adierazi zuen bezala.

Mikel Antón Zarragoitia Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietako Idazkaritza zuzendariak, Pirinioetako Lan Elkartearen “mugaz gaindiko ahotsa finkatzea” eta lurraldeen partzuergo hori Europan “protagonista” izango den erakunde bilakatzea eskatu zuen. Antzeko zerbait esan zuen Ibán Rabasa Generalitateko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak. Katalunia ordezkatuz, Rabasak konpromiso politikoa aldarrikatu zuen CTPren lana indartzeko. Bere hitzetan, 32 urte dituen erakunde horrek “berritzaile eta aitzindari” izaten jarraitzen du gaur egun.

Juan Luis Sánchez de Muniáin
Nafarroako Kultura, Turismo eta Erakundeen arteko Harreman kontseilariak, eta Suzanne Delieux Languedoc-Roussilloneko lurralde kontseilariak ideia horretan sakondu zuten, Europar Batasunaren barruko mugaz gaindiko lankidetza “naturala, beharrezkoa eta ezinbestekoa” dela gogoratuz. François Maïtia Akitaniako Lurraldeko Kontseiluko presidenteordeak ere bere lurraldea lankidetzan arituko dela ziurtatu zuen, CTPk, mugako lurraldeetako ekonomia eta gizarte alorretako eragileen arteko elkarlana “indartuz eta bultzatuz” jarrai dezan, “bertako biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko”.

Francisco Bono
Aragoiko Gobernuko Ekonomia eta Enplegu sailburuak, bere aldetik, CTPk “mugaz gaindiko lan merkatua” eratzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu zituen, eta Gilbert Saboya Andorrako Kanpo Harremanetarako ministroak eman zion amaiera Osoko Bilkurari, “CTPren ahots integratzailea Pirinioetatik haraindi entzunarazteko” helburua adieraziz.

Aurreko egunean, zortzi lurraldeetako ordezkariek Presidenteen Adierazpen Komuna sinatu zuten.