Hiru urtean behin egiten den azoka da. Urteetan zehar, hainbat izen merezi izan ditu: nekazaritzaren jaia, Pirinioetako baserririk handiena, Haute Garonne-ko nekazaritzako ekonomiaren erakusleihoa… Aurten, izen horiei guztiei uko egin gabe, azoka haratago doa eta eskualdeen arteko dimentsio berria izango du: Pirinioetako mendigunea bere osotasunean hartuko du oinarri.
Bederatzigarren azoka izango den honetan, “mendilerroaren egoera, etorkizunera begira” lelopean, Pirinioek Europako herrialdeen baitan duten tokiari buruz hausnartzea bultzatuko da.
“Les Pyrénéennes” aukera aproposa da herritarrak landaguneetara hurbiltzeko eta nekazaritzaren alorrean profesionalki ari direnak ere batzeko. Horregatik, denetarik egongo da ikusgai bertan: etxabere lehiaketak, hitzaldi eta debateak, artzain txakurren erakusketa, nekazaritzako produktuak, baserriko produktuak, animalien genetika, turismoa, biodibertsitatea, larratzea, energia berriztagarriak, adin orotarako animazio-jarduerak, ekoeraikuntza, erakustaldiak, dastatzeak, nekazaritza biologikoa…
Argibide gehiago behar izanez gero, jo helbide honetara: http://www.pyreneennes.fr