Aurten, 2012ko irailaren 21ean, lehenengo aldiz, 40 herrialde inguru batuko dira mugaz haraindiko tokiko komunitateen elkarlana goraipatzeko.

Europako Lankidetzaren Eguna aukera paregabea da mugaz haraindiko proiektuen bitartez aurrera eramaten ditugun proiektuengana arreta erakartzeko. Irailaren 17tik 23ra bitartean, Europa osoan hainbat jarduera publiko egingo da.

Gozatzeaz gain, jarduera horiei esker, tokiko ekimenek eguneroko bizitza zenbateraino erraztu diguten ikusteko aukera izango dugu: hala nola enpleguak sortuz, osasun arreta hobetuz, ingurumena zainduz edota garraioa eta energia zentzuz erabiliz.
Interact sarea arduratu da egun berezi honen ospakizunaren antolaketaz. Lan horretan, Europako Batzordea alde izan du erabat; Eskualde-politikarako Europako Batasunaren komisario Johannes Hahnen hitzak horren erakusgarri dira.

Johannes Hahn komisarioak Europako Lankidetzaren lehen Egunaren beharra azpimarratu du, eta herritarrei mugez haratago helduko diren ideiak partekatzeak eta arazo komunak elkarrekin konpontzen saiatzeak duen garrantzia gogorarazi die. Aurretik ere lurraldeen arteko lankidetzak izandako fruitu onak aipatzearekin batera, aurrerantzean bide beretik jarraitzearen eta ahaleginak areagotzearen premia nabarmendu du. Amaitzeko, Hahnek gu denok gonbidatu gaitu, 2012ko irailaren 21ean ospatuko dugun Europako Lankidetzaren Egunean parte hartzera.
CTPk ere, lurraldeen arteko lankidetzarako POCTEFA programa kudeatzeko agintaritza bere esku dagoelarik, jarduera artistikoak bideratuko ditu, betiere POCTEFA programaren ildotik jarraituta garatutako lankidetza ikusarazteko. Horrela, bada, irailaren 21ean, “Frontera, espacio de cooperación (Mugak, lankidetzarako esparrua)” arte lehiaketaren sari-banaketa egingo da. Era berean, Iruñean kaleko arte-adierazpeneko ekintza bat prestatuko da, denon artean muga guztiak "ezabatu" ditzagun. Bestalde, POCTEFA programa bera ezagutarazteko, edonoren eskura jarriko da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko lankidetzari buruzko argibide anitz, baita Europa mailan bideratzen den lankidetzari buruzko informazioa ere.
Azkenik, egun berezi horretan europarren arteko lankidetza goraipatzeko, Europa mailako web orri bat martxan jarri da. http://www.europeancooperationday.eu/ Facebook-en xede bererako talde bat sortu da eta twitter-en ere bai.