Pirinioetako ibaien hobekuntzarako mugaz gaindiko Guratrans proiektuak, Pirinioetako mendebaldeko muturrean dauden bost ibaietako ekosistemen kontserbazioan hiritarren partaidetza bultzatzeko informazio prozesuari eman dio hasiera. Uraren kudeaketa arduratsuan hiritarren partaidetza sustatzeko ekintza horiek Europar Batasunaren Uraren Esparru Arteztarauaren barruan sartzen dira.

Joan den urriaren 8an, Guratrans proiektuaren barruan antolaturiko jardunaldia ospatu zen Bertizeko Jaurerrian (Nafarroa). Proiektu hori, Pirinioetako mendebaldeko muturrean dauden muga inguruko ibaien partaidetzan oinarrituriko kudeaketa integralerako mugaz gaindiko elkarlan proiektu europarra da.

Jardunaldian uraren kudeaketari buruzko zenbait azterlan aurkeztu zen. Horrez gain, “Boluntariotza eta emakumeak busti egiten dira” gaiari buruz ere hitz egin zen, eta Guratrans proiektuaren berri eman zitzaien informazio eta partaidetza prozesuari hasiera emango dioten gizarteko eragileei.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroaren (NIBZ-CRANA) bitartez, zenbait hitzarmen sinatu zituen Baztango, Berako, Lesakako eta Doneztebeko Udalekin, proiektu horren barruan. Hitzarmen horiei esker zenbait jarduketa eraman ahal izango dira aurrera: ibaien alorreko uraren kudeaketari buruzko azterlanak, ingurumen auditoriak eta hiritarrek ekosistemen kontserbazioan eta berreskuratzean izan beharreko hezkuntza eta sentsibilizazioa bultzatzea eta ziklo hidrologikoan parte hartzen duten elementuak integratzea bilatzen duten partaidetza publikoko zenbait jarduera. Sinaturiko hitzarmenen barruan aurreikusitako jardueren baterako balioa 80.900 €-koa da.

Guratrans, Pirinioetako mendebaldeko muturrean dauden Araxes, Bidasoa, Leitzaran, Ugarana eta Urumea ibaien partaidetzan oinarrituriko kudeaketa integralerako proiektu europarra da. Proiektuaren %65 FEDER fondoekin finantzatzen da, POCTEFAren bitartez, eta bere kostua, eremu geografiko guztietan aurrera eraman beharreko ekintza denak kontuan izanik, 1.240.014,07 €-koa da.