Cristina Arcaya, CTP-ko idazkari nagusia, POCTEFA-ko bazkideekin elkartu da azken bi aste hauetan, Nafarroak CTP-aren presidentzia izango duen epealdiko lehentasunak konpartitzeko eta 2014/2020 programa prestatzeko.
CTP-ko presidentzian 5 hilabete eman eta gero, Nafarroak, CTP-ak datozen bi urteetarako izango dituen lehentasunak zehaztu ditu, eta POCTEFA programaren kudeaketan parte hartzen duten aktore guztiei aurkeztu dizkie. Lehentasun argia dago: hurrengo programa prestatzea eta CTP-ak, 2014-2020 epealdiko mugaz gaindiko elkarlanerako funts europarren kudeaketarako aurkeztuko duen kandidatura sustatzea.

Une honetan lurraldeen arteko elkarlanaren etorkizuna zalantzan dago. Krisialdiak markaturiko testuinguru honetan, 2014-2020 programazio epealdirako Europako aurrekontua eta kohesio politikari buruzko araudi proposamen berriak negoziazio mahaian daude. Hori dela eta, ezinbestekoa da, inoiz baino gehiago, elkarlanaren onurei, ekartzen dituen aukerei buruzko mezua indartzea, elkarlan horren bitartez Europak aurrean dituen erronkak eta zailtasunak gainditzea errazagoa dela, eta CTP bezalako mugaz gaindiko lurralde elkarlanerako erakunde batek lan horretan betetzen duen tokia azaltzea. Horrez gain, 2012an, CTP-k 30 urte beteko ditu lurraldearen zerbitzura bideraturiko elkarlanean.

Datozen hilabeteetan zenbait gai landuko dira POCTEFA programako partaide guztiekin, batez ere, hurrengo PO (Operazio Programa) prestatzeko bazkide guztien arteko elkarlana, PO-aren ardatz estrategikoen prestakuntza (PO-aren edukia) eta baita programaren gobernantza bera ere.