Urriaren 29an Pirinioetako Lan Elkartearen (CTP) XXXIII. Osoko Kontseilua egin zen Andorra la Vellako Kongresu Zentroan. Urtero bezala, CTPko zortzi lurraldeetako ordezkariek mugaz gaindiko lankidetzaren garrantziaren eta erakundearen lanaren balantzea egin zuten, Frantziako Akitania lurraldeak Partzuergoaren presidentzia bere gain hartu zuen ekitaldian

Erakundearen buru bi urte egin ondoren, Gilbert Saboya Sunyé Andorrako Kanpo Arazoetarako Ministroak, Alain Rousset Akitaniako Lurralde Kontseiluko Presidenteari, 2017ra arte Pirinioetako Lan Erkidegoko Presidente berria izango denari, eman zion lekukoa.

Osoko Bilkuran lurraldeetako ordezkariek hartu zuten parte: Gilbert Saboya, Andorrako Kanpo Arazoetarako Ministroa eta Mugaz gaindiko Lankidetzarako Andorrako Erakundeko Presidentea; Alain Rousset, Président du Conseil Régional d’Aquitaine; Francisco Javier Lambán, Presidente del Gobierno de Aragón; Roger Albinyana Siagi, Secretari d’Afers Exteriors i de la UE de la Generalitat de Catalunya; Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria; Suzanne Delieux, Conseillère Régionale du Languedoc-Roussillon; Marc Carballido, Vice-président du Conseil Régional de Midi-Pyrénées, eta Uxue Barkos, Presidenta de Navarra.

Jardunaldia Presidenteen Adierazpen Komunaren sinadurarekin hasi zen. Dokumentuak, 2015. urteak CTPrentzat izango duen garrantzia azpimarratzen du, urte horretan Interreg V-A Espainia, Frantzia, Andorra (POCTEFA 2014-2020) programa onartu delako, CTP horren Kudeaketa Agintari gisa baieztatu delako eta programa horretako lehen proiektu deialdia egin delako. Deialdia irailaren 10ean ireki zen, eta 2015eko azaroaren 10ean itxiko da.

Adierazpenarekin batera, Pilar Maza Programaren Idazkaritza Baterakoaren koordinatzaileak POCTEFA 2014-2020 ildo nagusiak aurkeztu zituen, eta aurreko POCTEFA 2007-2013 programaren erreferentziazko zenbait proiektu azaldu ziren: Aldaketa Klimatikorako Pirinioetako Behatokia (OPCC), CTPren zeharkako proiektua; POCTEFA 2007-2013ren zeharkako proiektu diren GALLIPYR eta PIREMOBV; ENTREPYR, Programaren hurbileko proiektua; eta DROJNET2, POCTEFA 2007-2013ren hurbileko proiektua.

Adierazpen Komunaren sinadurarekin, zortzi lurraldeetako agintariek benetan mugaz gaindikoak izango diren eta Europa mailako politiken barruko helburuak lortzera bideraturik egongo diren proiektuen ezarpena bermatzeko konpromisoa hartzen dute beren gain. Beste urte batez, CTPk natur ondarea kontserbatzeko konpromisoa agerian jarriko du, CTPrentzat proiektu enblematikoa den Aldaketa Klimatikorako Pirinioetako Behatokiaren jarraipenaren aldeko apustua eginez.