INTERREG V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA) 2014-2020 programaren lehenbiziko proiektu deialdia, guztira 151 milioi euro FEDER eskatzen dituzten 122 proiekturen aurkezpenarekin itxi da
Programatuko diren proiektuen aukeraketa, Programak parte hartzen duten agintaritza publikoen ordezkariek osaturiko Programazio Batzordeak egingo du. Aurreikuspenen arabera, erabaki hori 2016ko udaberrian hartuko da.

POCTEFA 2014-2020ren helburua, Espainia, Frantzia eta Andorra artean dagoen muga inguruko lurraldearen garapen iraunkorra sustatzea da. Programa Europar Batasunak finantzatzen du, eta Lurralde Garapenerako Fondo Europarrari (FEDER) dagokion 189,3 milioi euroko aurrekontua du.

Proiektu deialdi honetarako erabilgarri dagoen FEDER laguntzaren zenbatekoa 71,2 milioi eurokoa da (Programaren aurrekontu osoaren %40, Laguntza Teknikoa aparte). Fondo europarrek, onetsitako proiektuen kostu osoaren %65 laguntzen dute, Programak ezartzen duen bezala.

Proiektuek zenbait irizpide bete behar dituzte onartuak eta programatzeko aukeratuak izateko: kandidaturan eskatzen den dokumentazio osoa aurkeztu behar dute, Programan parte hartzen duten hiru herrialdeetatik gutxienez biko bazkideak izan behar dituzte, eta ez dute izan behar erkidegoko beste ezein programaren finantzaketarik, besteak beste.

Jasotako ekimenen artean, turismoarekin, I+Garekin, klimaren aldaketara egokitzearekin, nekazaritza jardueraren sustapenarekin edo energia iraunkorraren bultzadarekin erlazionaturiko mugaz gaindiko lankidetza proiektuak daude.

Programaren xehetasun guztiak ezagutzeko, www.poctefa.eu webgunea kontsulta dezakezu.