Andorra
2010ko otsailak 16
Baionako Itunaren aldaketa protokoloa sinatu da gaur eta horri esker Andorrako Printzerria sartu ahal izango da 1995ean Frantziaren eta Espainiaren artean sinatu zen mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen honetan.

Andorra lurralde erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza Hitzarmenean sartzeko aldaketa eta atxikimendu Protokoloa, 2005eko martxoaren 10ean idatzi zen Baionan eta honen helburua, Andorrak, Frantziako eta Espainiako Pirinio inguruko erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza erregimenean parte hartzea da.
Gainera, Protokolo honi esker, Espainia-Frantzia-Andorra lurraldearen lankidetza programa kudeatzeaz arduratzen den Andorra Pirinioetako Lan Elkarteko Partzuergoko eskubide osoko kide bihurtuko da. Elkarte honek 168 milioi eurotako komunitate-funtsen (EGEF) zuzkidura du 2007-2013 denboraldirako. Izan ere, Printzerria Partzuergo horretako kide da behatzaile bezala, 2006. urtetik (sortu zen urtea).
Andorrak ez du ekarpenik egiten erkidegoaren aurrekontuan, beraz ezin du zuzenean etekinik atera komunitateko funtsetatik; hala ere, EGEF-ko araudiak aurreikusten du gehienez %10eko funtsak Hirugarren Estatu batek erabil ditzakeela eta honi esker Andorrak proiektu desberdinetan parte hartzeko aukera izango du. Era berean, EBk finantzatutako azpiegituraren bat sortzeko aukera ere izan dezake, betiere beste herrialdeen laguntza izaten duenean.
Printzerriaren (Estatu bezala) eta estatu barruko lurralde erakundeen artean dagoen desberdintasuna gutxitzeko, Andorrako gobernuak izaera mistoa duen mugaz gaindiko lankidetza erakundea sortu beharko du Gobernuko eta udaletxeetako ordezkariekin, ondoko herrialdeetako erakundeekin mugaz gaindiko lankidetza proiektuak garatzeko.
Gaur goizean bertan sinatu dute Baionako Itunaren aldaketa protokoloa Andorrako Kanpo Arazoetako eta Erakunde-harremanetarako ministroak, Xavier Espot, Espainiako enbaxadoreak, Eugeni Bregolat eta Frantziako enbaxadoreak Gilles Chouraqui. Hau Andorrako Kontseilu Orokorrak onartu beharko du.