Joan den ostiralean, otsailaren 27an, Bidasoa-Euskal Herri Hegoaldeko tokiko produktuen 70 ekoizle eta banatzaile inguru elkartu ziren Mugaz gaindiko II. Nekazaritza-elikadura Foroan “Berrikuntza, lehiakortasuna, sustapena, harremanak” gaiak lantzeko.

Topaketa, Bidasoa activa eta Agglomération Sud Pays Basque izenekoek bultzatutako Innov Mugabe 2×2 proiektuaren barruan antolatu zen, eta %65 FEDER funts europarren bitartez finantzatu zen, POCTEFA 2007-2013ren (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa) bitartez.

POCTEFAren eta Innov Mugabe 2x2ren helburua muga inguruaren ekonomia eta gizarte integrazioa indartzea eta mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen jardueren garapena bultzatzea da, lurralde garapen iraunkorraren aldeko elkarrekiko estrategien bitartez. Horrela, Mugaz gaindiko II. Nekazaritza-elikadura Foroak ahalegina egin zuen Bidasoa-Euskal Herri Hegoaldea osatzen duten 14 udalerrietako nekazaritza-elikadura sektoreko enpresak elkartzeko, hainbat gai lantzeko: nekazaritza-elikadura sektorea sustatzeko planak, proiektu eta zerbitzu berritzaileei laguntzeko programak, e-commercea, packaging-aren garrantzia, energia aurrezteko moduak edo marketing ekimen berriak (‘Gure Gourmet’ kanpaina, besteak beste).

Alor horretan adituak diren bost emakumeren partaidetzaren ondoren, ekoizleen eta banatzaileen artean alde biko networking topaketak egiteko gunea ireki zen. Aukera bikaina izan zen beraien produktuak eta zerbitzuak aurkezteko eta enpresa lankidetza berriei ekiteko.

Ekitaldiari amaiera emateko, Iñigo Lavado sukaldariak, tokiko produktuetan oinarrituz prestaturiko 8 pintxo dastatu ziren. Horrez gain, ekitaldi osoan, inguruko nekazaritza-elikadura ekoizpenaren kalitateari eta aniztasunari buruzko erakusketa bisitatu ahal izan zen.