Irati proiektuak aurrera darrai: pasa den uztailaren 23an Iratiko (Nafarroa) Basozainen Etxea inauguratu zen. Yolanda Barcinak, Nafarroako presidentea eta CTPko oraingo presidentea ere izanik, horretarako prestatutako ekitaldian parte hartu zuen.

IRATI, Oihanen Oihan izeneko proiektua lurralde mugakideek osatutako eremu naturalari lotuta dago; horren xedea da bertako turismoa sustatzea eta eremuaren erabilera publikoa kudeatzea. Betiere, tokikoen integrazio ekonomikoa eta soziala bermatuta. Izan ere, bereziki ongi kontserbatu den ingurune naturala da Irati, eta turismoaren aldetik erakargarria da oso. Frantziako aldeko “Chalets d’Iraty”-tan 225.000 bisitari jasotzen dituzte. Mugaz bestaldean, Espainiako eremuan, beste 100.000 lagun hartzen dituzte. Turismoaren zifrak nolanahikoak ez direla ohartuta, lurralde mugakideen proiektu honek basoak hartzen dituen lau bailaren arteko lankidetza sustatzea du helburu. Eta lankidetza hori kudeatzea errazteaz gain, turistei aukera zabalagoa eta gozagarriagoa eskaintzea, baita ere. Guztira, Irati proiektuak 3.859.540 €-ko aurrekontua du; guztirako horretan, % 65 (2.508.701 €) Europako FEDER fondoek jarritakoa da, POCTEFA ekimenari esker.
Proiektuaren baitan bideratuko diren ekintzek ardatz nagusi bat izango dute: lau bailaren jarduera turistiko guztia biltzea eta marka bakar gisa ezagutaraztea. Marka bakarra sortzeak tresna berak erabiltzea dakar; horren adibide da pasa den maiatzaren 3an aurkeztu zen oihanaren mapa bateratua. Bertan xenda eta zidor guztiak agertzen dira. Halako mapa bat nahitaezkoa da proiektua mamitzeko eta lurraldeari osotasuna emateko, horixe izango baita Iratira mugaren bi aldeetako edozein txokotik datorrenarentzako erreferentzia nagusia. Egun berean, Frantziako aldean egongo diren harrerako jarduera-zentroko eta gainontzeko ekipamenduetako lanak zertan diren ikusteko bisita egin zen. Hainbat komunikabide bertaratu zen hango berri emateko; nabarmendu beharrekoen artean, France 3 Aquitaine telebistako kate publikoa. Hona hemen kate horrek egun horretan gertatutakoekin osatu zuen erreportajea.

Bestalde, uztailaren 23an, Basozainen Etxea inauguratu zen. Izenak berak dioenez, basozainentzako gordeleku izateko sortu bazen ere, aspaldian ez da erabili. 40 urte itxita egon ondoren, bertan ireki da Iratiko oihaneko turismoaren arreta gunea izango dena. Horrez gain, mendian ibiltzeko materiala saltzeko denda eta taberna jatetxea egongo dira eraikin berean. Bisitariek Basozainen Etxeko berezko salgaiak eta tokiko jaki eta bestelakoak erosteko aukera izango dute. Eta azkenik, erakusketa gune bat eta batzarretarako gela bat ere egongo dira bertan bisitarien eskura. Inaugurazio ekitaldian Nafarroako eta CTPko presidente Yolanda Barcinak adierazi zuenez, egitasmo hau mugaren bi aldeetako eskualdeen arteko lankidetzaren erakusgarri ezin hobea da. Bere esanetan, benetan pozgarria da, proiektu honen alde sekulako ahalegina egin dela ikusita, hain zuzen ere, Europako fondoen ekarpen handiena jaso dutenen artean hau berau egotea, POCTEFA ekimenaren bitartez.