Urtarrilaren 31n, Valentziako Generalitateak eta INTERACT-ek, “2014-2020 funts europarrak. Europar Batzordearen proposamenen azterketa eta beraiei buruzko eztabaida / Europako Lurraldeen arteko Elkarlana Kohesio Politikan”, izeneko konferentzia antolatu dute.

Konferentzia horretako hizlariei esker, Batzordearen proposamenak hedatzeko ahalegina egin da, eta etorkizuneko Funtsen eta, zehatzago esanez, Lurraldeen arteko Elkarlanaren antolakuntzari ekiteko moduari buruzko eztabaida hasi nahi izan dute, izan ere, pixkanaka-pixkanaka gero eta garrantzi handiagoa baitu Kohesioaren eremuan. Izan ere, finantza alorreko itxaropenen artean, Batzordeak, Elkarlanera bideraturiko FEDER Funtsa 2 bilioi euro baino gehiagotan handitzea proposatu du, 2007-2013 epealdiarekin alderatuz.

Gogoratu behar da Europa Batzordeak 2014-2020 epealdirako finantza alorreko itxaropenak aurkeztu zituela 2011ko ekainean. Aurrekontuei buruzko pakete hori oraindik eztabaidatu eta onetsi behar dute Batasuneko Kontseiluak eta Europar Legebiltzarrak, baina datozen urteetan Europako finantzaketak hartuko duen bideari buruzko zerbait erakusten digu. Pakete horretan, Kohesio politikak lehentasunezko tokia izan du beti (2007-2013 epealdian kopuru osoaren %35 baino gehiago eskuratu du), eta horrela izaten jarraituko du: pakete horretan, aurrekontu osoaren %36 baino gehiago Ekonomia, Gizarte eta Lurralde Kohesiora bideratzea proposatzen da.

Kohesiora bideraturiko kopuruak ikusi eta gero, kopuru horiek nola banatuko diren jakin behar dugu. 2014 eta 2020. urteen artean funtzionatuko duten funtsei buruzko beste proposamen bat egin zuen Europa Batzordeak: 2011ko urrian, Marko Estrategiko Komunaren Funtsak definituko dituzten Araudien proposamenak aurkeztu ziren, eta horien barruan dago Kohesioa. Pakete hori ere eztabaidatu eta Batasuneko Kontseiluak eta Europar Legebiltzarrak onetsi beharko dute, baina programei eta agintariei etorkizuna prestatzen joateko aukera ematen die jada.