Europako Batzordeak «Europa nire eskualdean bertan» argazki lehiaketaren berri eman du bere Facebook orrian. Parte hartu nahi dutenak bi kategoriatan lehiatuko dira bidaltzen dituzten argazkiekin:
– «My Project» (Nire proiektua). Honako hau EBko eskualdeen finantzaketa jaso duten erakundeen esku dago (hots, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren edo Kohesio Funtsaren laguntza izan dutenak);
– «Eyewitness» (Lekukoa). Beste hau EBko herrialde batean bizi den edonoren esku dago. Parte-hartzaileek euren eskualdean edo beste batean aurkitutako proiektu baten argazkia atera beharko dute.
Hona hemen lehiaketako irabazleek eskuratuko duten saria: 1.000 €-ko balioa duen kamera digital bat (ekipo osoa) eta Bruselara joateko bi lagunentzako bidaia.
Parte-hartzaile guztiek eskualdeen finantzaketaren erakusgarri den proiekturen baten argazkia atera beharko dute (EBko kartel, seinale, plaka edo antzeko bereizgarriren bat ikusgai egon beharko da eta finantzaketari buruzko argibideak azalduko dira, ezinbestean). Kategoria bakoitzean bi argazki sarituko dira: bata, jendearen botoekin aukeratuko da; bestea, epai-mahai batek hautatuko du (honek ere, boto gehien batzen dituztenen artean egingo du aukeraketa). Irudien kalitate estetikoa ez ezik, argazkilariaren sormena eta argazkiok EBko eskualde-politikarekin duten lotura ere kontuan hartuko dira sariak emateko orduan.
Egitasmoari buruz jakiteko eta aurrerantzean horren inguruan zabaltzen denaren berri zehatza izateko, bisitatu @EU_Regional Twitter-en eta Europako Batasunaren orria Facebook-en.