Mugaz gaindiko AGRIPIR lankidetza proiektuaren barruan dagoen e-Pasto proiektu pilotuari esker, Pirinioetako artzainek urrunetik kontrolatu ahal izango dituzte beraien artaldeak, ordenagailuaren pantailatik edo tabletak edo smartphoneak bezalako gailu eramangarrien bitartez.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT) nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera guztia eraldatzen ari dira. Aldaketa horien adibide ona e-Pasto proiektu pilotua da. Proiektu horren helburua Pirinioetako artzainei beraien artaldeen kontrolean laguntzea da. Satelite bidezko geo-lekutze sistemak dituzten lepokoen erabilerari esker, animalien osasun egoerari eta haiek dauden tokiari buruzko datuak jaso ahal izango dira. Horrez gain, proiektu pilotu horren bitartez, taldearekin elkarrekintzan aritzeko modua aurkitu nahi da, soinuak, dardarak edo pultsu elektrikoak bezalako seinaleen bidez, artaldearen kokagunean eragiteko eta nahi den tokira bideratzeko. Horrela ez litzateke beharrezkoa izango hesi fisikoak jartzea, paisaia zaindu egingo litzateke eta kostuak aurreztuko lirateke.

Prat d’Albis-en (Arriège departamentua, Midi-Pyrénées lurraldea) aurrera eraman den lehen esperimentazio fasearen ondoren, proiektu horren bigarren fasea 2014an burutuko da, Gipuzkoako Urola-Erdia eskualdean. Bigarren fase horretan prototipoak garatzen jarraituko da (lepoko emisore-hartzailea eta datuen analisirako interface programak) eta artaldearekin elkarrekintzan aritzeko metodoak ikertzen jarraituko da (estimulu mota, iraupena eta maiztasuna).

e-Pasto proiektu pilotua, FEDERek, POCTEFAren bitartez finantzatu duen mugaz gaindiko lankidetzarako AGRIPIR proiektuaren barruan sartzen da. Proiektuan Euskadiko, Frantziako eta Kataluniako bazkideak sartzen dira.

AGRIPIR proiektuari buruzko informazio gehiagorako, sakatu hemen.


Argazkia: AGRIPIR                                                                                         Argazkia: AGRIPIR