2011ko abenduaren 12an, astelehenean, Akitania-Euskadi Euro-lurraldea era ofizialean sortu zen. Alain Roussetek, Akitaniako Lurralde Kontseiluko presidenteak, eta Patxi Lópezek, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Lehendakariak, Akitania-Euskadi Euro-lurraldearen eraketa akta sinatu zuten.

Lurralde Elkarlanerako Elkarte Europarraren (LEEE-AECT) formulari jarraituz, hitzarmen horren xedea “bi lurraldeen arteko elkarlanean sakontzea eta harremanen, trukaketen eta proiektu komunen espazio zabalaren eraketan laguntzea da”. Bi lurraldeek beraien arteko ekintzak hobetu eta indartu nahi dituzte, zenbait alorretan: bidaiarien eta merkantzien garraioan, ikerketa eta berrikuntza alorrean (clusterren eta lehiakortasun poloen bitartez, batez ere), hezkuntzan eta prestakuntzan, hizkuntz politikan, elikaduran, osasunean, nekazaritzan eta kulturan, eta baita garapen jasangarriaren alorrean ere.

Euro-lurraldearen taldeak Hendaian ezarriko du bere egoitza 2012. urtearen hasieran, eta indar guztiekin kontzertazioa bultzatuko da, trukaketa horiek errealitate bilakatzeko. Martxoan aurkeztuko da lehenbiziko Ekintza Plana.

Eraturiko hori bigarren euro-lurraldea da. Lehenbizikoa 2009ko abuztuan eratu zen, Frantzia eta Espainia artean, Midi-Pyrénées, Languedoc-Roussillon, Katalunia eta Balear Uharteak elkartuz.