Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Programa (POCTEFA) 38 proiektu jaso ditu 2007-2013 epealdirako hirugarren deialdian.
Lurraldeei dagokienez, Akitania da proiektu gehiagotan parte hartzen duena (24), eta bere ondoren Euskadi (18), Aragoi (17) eta Midi Pyrénées (16) datoz. Kataluniak eta Nafarroak bederatzi proiektutan hartzen dute parte eta Languedoc-Roussillon lurraldeak hirutan.

Aurreko deialdietan 244 proiektu jaso ziren guztira. Horietatik, azkenean 133 programatu ziren 2007 eta 2011 urteen artean.

Edizio honetan jasotako ekimenen artean, turismoaren, I+G-aren, azpiegituren, garraioen, hirigintzaren, prestakuntzaren, arriskuen prebentzioaren, musikaren… alorretako mugaz gaindiko lankidetzarako proiektuak daude.

Deialdiak, Programa Operatiboen lehentasunezko ardatzetako edozeinetan egindako proposamenak onesten zituen. Hiru ardatzak hauek dira:

• Mugaz gaindiko integrazioa hobetzea jarduera ekonomikoen, berrikuntzaren eta giza kapitalaren eremuetan.
• Lurraldeei eta natura eta kultura ondareei balioa ematea eta era iraunkorrean babestea eta kudeatzea.
• Biztanlerien bizitza kalitatea hobetzea, lurraldearen egituraketa eta garapen iraunkor estrategia komunen bitartez.

Proiektuen aukeraketa prozesua hurrengo hilabeteetan burutuko da. Aurreikusten denez, programan parte hartzen duten agintaritza publikoetako ordezkariek osaturiko Proiektuen programaziorako eta aukeraketarako Batzordeak 2014ko udaberrian hartuko du bere erabakia.